ANDONI ARABAOLAZA

Eskaladari ateak zabaldu zaizkio fase berrian sartzearekin batera

Gaurdanik eta lehen aldiz, eskaladan sokakidearekin jardun daiteke. Alabaina, adituek zein mendi federazioek osasun protokolo guztiak betetzea eskatu dute.

Hego Euskal Herrian 2. Fasean gara dagoeneko. Mendiko jarduera ezberdinek, zer edo zer bada ere, beste aurpegi bat erakusten digute. Eta guztien artean, agian, eskalada da aldaketa esanguratsuenak izan dituena. Ipar Euskal Herrian ez bezala, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan atzodanik lehen aldiz sokakidearekin eskalada daiteke.

Azken egunotan beste berri batzuetan aipatu den legez, mendiko kirol jarduerak herrialdetik atera gabe egin behar dira; gehienez, 20 laguneko taldeetan eta osasun prebentzio guztiak hartuz. Ordutegiari dagokionez, gogoratu behar dugu 10.00etatik 12.00etara eta 19.00etatik 20.00etara 70 urtetik gorakoek lehentasuna dutela.

Baina aurreratu dugun bezala, Hego Euskal Herrian eskalada taldekideekin egin daiteke. Boulderra eta bakarkako eskalada lehen fasean baimenduta zeuden. Zalantzarik gabe, eskalatzaileen komunitatearentzat berri pozgarria da, baina osasun adituek zein mendi federazioek ohartarazi nahi dute, zentzuz zein zuhurtziaz jarduteaz gain, ezarritako protokolo guztiak bete behar direla.

«Finean, elkartasuna eta etika eskatzen diegu; norberaren zein hurkoaren osasuna zainduz eta errespetatuz. Bide batez, itzulera lasaitasunarekin hartzea aholkatzen dugu. Pazientziak eta logikak soka berean lotuta joan behar dute. Izan ere, lehen helburua birusari stop esatea da. Ez dugu nahi indarrarekin berragertzerik».

Horregatik, eragileek garrantzi handiko iradokizunak helarazi dituzte. Eskaladarako eguna prestatzen ari bagara, lehenik eta behin estrategia antolatu behar da: «Hori ezinbestekoa da. Kalean bezala, bizkar-zakuan maskara sartu behar dugu. Eta zergatik ez eskularru batzuk. Jakin badakigu, lagunak elkar besarkartzeko edo bostekoa emateko gogo handiz gaudela, baina keinu horiek saihestu behar dira; izan ere, birus hau antisoziala da. Bi metroko distantzia errespetatu behar da, eta gai horri azpimarra jarri nahi diogu. Beraz, huts egiterik ez izateko, maskara eskura eraman. Prebentzio horrekin birusari zailtzen diogu bere balizko erasoa».

Garbiketa

Adituek zein mendi federazioek argi dute garbiketa oso eraginkorra dela. Eta, besteak beste, honako azalpenak eman dituzte: «Arestian aipatu dugu maskara beti eskura eraman behar dugula. Eta eskaladan ezin dugu ahantzi ere gel hidroalkoholikoak ezinbestekoak direla. Kirol eskalada praktikatzen ari garenean, bide bat egin ondoren gel horrekin eskuak garbitu behar dira. Behin eta berriz. Eta beste hainbeste horma batean lehen luzea egin eta bilgunera iristen garenean».

Hormatzarretan egiten den eskalada aipatu dugunez, adituak distantziak mantentzearen garrantziaz mintzatu dira. Argi dute eskalada estilo horretan zaila dela bi metroko distantziak errespetatzea, eta horregatik berriro ere maskararen erabilera derrigorrezkoa dela ohartarazten dute: «Ohiturak aldatu behar ditugu. Geure herrietako kaleetan bezala. Hots, neurri berdinak hartu behar dira. Ez direla batere erosoak? Hori denok dakigu. Baina osasunak du lehentasuna. Beste iradokizun batzuk: ez ukitu aurpegia, zintak jartzerako orduan ez hartu soka ahoarekin...»

Lehen fasean aipatu genuen bai blokean bai bakarkako eskaladan magnesio likidoa erabiltzea gomendatzen zela. Bada, aholku horrek indarrean jarraitzen du. Beraz, kirol eskaladan zein bide luzeetan hobe da haren erabilera. Eta horrela ez bada, adituek eskatzen dute norberaren magnesio poltsa (hautsez beteta daudenak) ez partekatzea.

«Gai honekin (eta besteekin ere) jarrera oso ‘egoista’ behar dugu izan. Magneserak bezala, kantinplora edo janaria ez dira partekatu behar. Elkartasuna, etika, errespetoa, garbiketa… termino horietan guztietan oinarritu behar da gure jarduera».

Azkenik, eragileok gogoratu nahi digute naturan jarduteaz gain, rokodromoetan ere eskalatzeko aukera dugula. Dagoeneko, batzuk ateak ireki dituzte. Eta arduraz erabiltzeko arauak eta gomendioak argitaratu dituzte. Honako zerrenda hau helarazi digute: «Rokodromora sartzerakoan, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar dira. Bestetik, magnesio hautsak debekatuta daude. Kaleko zapatilak ezin dira erabili eskalatzeko. Maskara nahitaez erabili. Segurtasun distantziak mantendu eta errespetatu…».