oihane larretxea
DONOSTIA

‘Gilles de Rais’ lanarekin itzuli da Anjel Lertxundi nobelara

Anjel Lertxundiren azken eleberrian Vincent antzerkilari frantsesak militar karlista baten mandatuz obra bat idatzi beharko du, soldaduak adoretu eta bultzatzeko. Bertan bere lekua erreklamatuko du Gilles de Rais mariskalak; militarrek, ordea, ez dute nahi. Antzerkigileak, baina, dirua jarriko du bere bokazioaren eta gose artistikoaren gainetik.

Anjel Lertxundi idazlea, Zarautzen astearte honetan. (Gorka RUBIO I FOKU)
Anjel Lertxundi idazlea, Zarautzen astearte honetan. (Gorka RUBIO I FOKU)

Baziren hiru urte Anjel Lertxundik ez zuela nobela idazten; izan ere, bere azken lana, ‘Itzuliz usu begiak’, itzulpengintzari buruzko saiakera «arrakastatsua» izan da. Alberdaniaren eskutik orain ere, ‘Gilles de Rais’ plazaratu du. Eleberriak hiru ertz ditu: peripezia lazgarriak, beste batzuetan groteskoak eta inoiz komikoak gertatzen diren pasarteak.

Liburuaren edizio digitala erdi prezioan (4,25 eurotan) erosi ahal izango da Alberdaniaren webgunean asteazken honetan soilik.

Vincent dugu pertsonaia nagusia, antzerkigile frantsesa. XIX. mendearen amaieran gaude eta gerra karlista jazotzen ari dela soldadu batzuen bisita jasoko du, enkargu batekin: antzerki obra bat idaztea soldadu karlista horiek adoretzeko eta bultzatzeko. Baina mandatua ez da hor bukatzen, obraren ildoa ere zehazten baitiote. «Agintzen diote ez legokeela gaizki Arc-eko Juana jartzea nola edo hala Karlos VII.aren kausaren alde», azaldu du astearte honetan Lertxundik. 

Badago arazo bat, ordea: militarrek ez dute inondik inora Gilles de Rais militar karlista integrista, «batzuentzat mariskal pedofiloa», antzezlanean agertzea nahi, nahiz gizon hura Arc-eko Juanaren armakide fidela izan.

Atzean, zentzu batean, Faustoren mitoa dago, keinu egiten zaio. Ezberdintasunak ezberdintasun. Lehenak arima deabruari saldu bazion mundua ulertu ahal izateko jakinduriaren trukean, Vincentek «dirua jarriko du bere bokazioaren, kulturaren eta gose artistikoaren gainetik, nolabait arima artistikoa galtzeraino», erantsi du egileak. «Faustok arimaren gainetik jartzen du jakituria, hori da inportantea. Hemen ordea modernitatean oso tipikoa dena ematen da: arima saltzea diruagatik».

Ekintza horrek ekarriko du ondorio bat: damua. «Protagonistari une jakin batean gertatuko zaio, ikusten duenean zein astakeria egin duen hainbeste preziatzen zuen artean. Traizioa diruagatik, gainera diru zikinagatik, manipulazioan oinarrituta. Behartu dute manipulatzera testu literarioak, antzerkia propaganda belikoaren zerbitzura jarriaz». Lertxundik berak onartu duenez, Vincentek gero bere buruarekin duen borroka horrek «interes handia» eragin dio.

Antzerkigileak egiten duen hautuak, dirua lehenetsiz, moralaren eta printzipioen gaineko hausnarketa planteatzen du, nahiz eta egilearentzat nobelagintza «beti» den gauza morala: «Morala ukitzen ez duenean ere ukitzen ez duelako. Liburua morala den edo ez… ez naiz esateko gai, baina bai pertsonaiak hausnartzen jartzen direnean, edo akziora pasatzen direnean, beti daudela erabaki inportante horietan gora behera moralak. Edo hautsi egiten dituzulako zure pentsakizunaren arau nagusiak eta pikutara bidali, edo errespetatzen dituzulako, edo ez errespetatzeagatik damua eragiten dizulako. Auzi moralarena nobelan garbi dago», berretsi du.

Zehaztapen falta deliberatua

Paradoxa ugari ere badaude nobelan. Adibidez, apaizak erakutsiko dio Vincent laikoari duintasunaren ikuspegi berri bat. Eta pertsonaia hau da, apaiza hain zuzen, «topiko guztietatik kanpo» gelditu zaiona. «Apaiza erreflexiboa egin dut, kontrasteak bilatzen dituena, kontraesanak aintzat hartzen dituena, gerraren zergatiez pentsatzea gustatzen zaiona. Ez dakigu liberalekin edo karlistekin dagoen, agian inoren terreno batean, baina bateko eta besteko gorabeherak pentsatuz bizi da. Pertsonaia barojiarra da, kontraesanez eta zentzu dialektikoz betetakoa. Honekin oso gustura nago zeren gerraren barruan egon arren, justu da bakarra zentzu laikoa mantentzen duena. Laikotasunaren bertutea duena, hau da, autokritika bideratzen duen bakarra da».

Eta bitxia bada ere, nobelari izenburua ematen dion pertsonaia ez da apenas agertzen. Ez da gehiegi aipatzen, erreferentzia egiten zaio, iradoki egiten da, presente dagoen presentzia bat bezala. Gauza bera egin du gerrarekin. Hirugarren gerra karlista dela iradokitzen du, baino ez du zehazten, non gertatzen den esaten ez duen bezala. Vincenti soldaduek Nafarroako mapa bat luzatzen diotela bakarrik dakigu.

Lekuak, gertaerak, pertsonaiak aipatu baina aipatu gabe. «Horrela egiteak badu abantaila bat», dio, eta da modu unibertsalean hitz egitea. Edozein tokitan gertatzen da gerra batean gertatzen dena; horregatik, zehaztapen horiek, «anekdotikoak direnak», horiek gabe ere tramak funtzionatzen badu, «hobe da kentzea», esan du. «Zeren konkrezio faltak ekartzen ditu beste konkrezio batzuk unibertsalagoak direnak, eta hor irakurlea askoz ere erosoago sentituko da inondik ezagutzen ez duen gerra bati buruz istorio batez irakurtzean. Idazlearen opzioa da».

Beste batzuetan kontrakoa izango da, adierazi du. Kasu honetan, «gerra konkretu bat kontatzeak ez du ekartzen gerra konkretu bat kontatzea besterik ez».