NAIZ Kontzertuetarako 1.000 sarrera eta bonu baino gehiago saldu dira lehen egunean

Atzo 12.00etan erosketa zabaldu zenetik, NAIZ Kontzertuak ikusteko 1.000 sarrera eta bonu baino gehiago saldu dira webgunean. Babesa mantentzen bada, ez da baztertzen taldeen zerrenda zabaltzea eta bost kontzertu baino gehiago egitea. Lehenengo hiru kontzertuak Azpeitiko San Agustin Kulturgunean izango dira.

NAIZ|28/05/2020
Nogen
Nøgen taldeak ekainaren 12an parte hartuko du NAIZ Kontzertuetan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

NAIZ Kontzertuak ekimenak babes izugarria lortu du atzo abian jarri zenetik eta, egun batean, lehen bost kontzertuetarako 1.000 sarrera eta bonu baino gehiago saldu dira naiz.eus/naizkontzertuak webgunearen bidez.

Ostiral honetatik aurrera, Gatiburen kontzertuaz gain, gainerako lau taldeen sarrerak (Nøgen, Zetak, Huntza eta En Tol Sarmiento) egongo dira salgai.

Sarrerak eta bonuak

Salneurriei dagokienez, kontzertu bakoitzak 5 euroko prezioa izango du harpidedun ez direnentzat, eta elkartasun bereziko sarrera 10 eurotan eskuratzeko aukera izango da. Gainera, 5 kontzertuetarako bonu bat eskuratu ahal izango da 20 euroren truke, hau da, %20ko deskontua ikuskizun guztiak ikusi nahi izanez gero.

NAIZeko harpidedunentzat kontzertu baterako sarrerek 2,5 euroko prezioa izango dute, eta 5 kontzertuetarako bonuak, 10 eurokoa. Bost kontzertuak 20 euroren truke ikusteko bonu solidarioa ere izango da.

Babestu zure taldeak

Momentuz, NAIZ Kontzertuetan ekainean eta uztailean bost taldek parte hartuko dute, nahiz eta ez den baztertzen zerrenda hori zabaldu ahal izatea ekimenaren harrera positiboa bada. Lehenengo hiru kontzertuak (Gatibu, Nøgen eta Zetak) Azpeitiko San Agustin Kulturgunean izango dira.

Data eta talde hauek berretsi dira:

Gatibu, ekainak 5
Nøgen, ekainak 12
Zetak, ekainak 19
Huntza, ekainak 28
En Tol Sarmiento, uztailak 3

NAIZ Kontzertuak posible izango dira Laboral Kutxa eta Keler-ren babesari esker.

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.