NAIZ

Sagardotegi batzuek ateak irekiko dituzte eta botilako sagardoa eskainiko dute gehienbat

Sagardotegi batzuk jada hasi dira erreserbak kudeatzen eta ateak irekiko dituzte egunotan. Barrualdean zein terrazetan %50eko edukiera izango dute eta segurtasun distantzia errespetatu beharko da. Uzta berriko sagardoa, hein handi batean, botiletan eskainiko dute; nolanahi ere, sagardotegi batzuek mantenduko dute txotx egiteko aukera.

Aurtengo Sagardo Berriaren Eguneko irudia, Astigarragako Alorrenea sagardotegian. (Gorka RUBIO / FOKU)
Aurtengo Sagardo Berriaren Eguneko irudia, Astigarragako Alorrenea sagardotegian. (Gorka RUBIO / FOKU)

Euskal Sagardoaren Elkarteak jakinarazi du sagardotegi batzuek jada ateak irekiko dituztela bigarren fasean sartu garen honetan. Batzuk hasi dira erreserbak kudeatzen. Dena den, ohartarazi du ez dutela guztiek irekiko. Txotx sasoian funtzionatzen dutenek, esaterako, amaitutzat jo baitute 2020ko sagardotegi denboraldia.

Irekitzen duten sagardotegiek, barrualdean zein terrazetan, %50eko edukiera errespetatu beharko dute, hala nola segurtasun distantzia ere bai. Uzta berriko sagardoa dastatzeko aukera izango da. Elkarteak adierazi duenez batez ere botilen bitarteko dastatzea sustatuko da baina batzuek txotxa egiteko aukera ere mantenduko dute. 

Hala, nabarmendu dute botilako Euskal Sagardoa izango dela protagonista kasu askotan, «jendeak kapsula eta sagartxo gorri eta doratuko uzta berriko sagardoak punturik onenean dastatzeko aukera izango du».

Sagardogileek emango dituzte uzta berriko sagardoaren ezaugarriak eta kontsumitzaileek Euskal Sagardoa etxera eramateko aukera ere izango dute. Horrez gain, taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoak ere ari dira ateak irekitzen, eta bertan ere Euskal Sagardoa dastatu eta gozatzeko aukera izango dutela gogoratu du euskal sagardogileen elkarteak.

Natura eta espazio zabalaren erabilera

Natura ingurunea, espazio zabalak, eta zerbitzuaren egokitzea dira egun sagardotegiek eskaintzen dituzten aukera nagusiak: zerbitzua eserita izango da, Euskal Sagardoa botilan kontsumituko da hein handi batean eta txotxa egiteko aukera ere izango da kasu batzuetan, baina betiere oso puntualki eta talde txikitan.

Euskal Sagardoak eta sektoreak uzta berria aurkezteko prentsaurrekoa eskainiko du ekainaren 11n, lekua zehazteke dago. Bertan sagardoaren ezaugarriez gain, sagardotegien irekieraren nondik norakoak aurkeztuko dira, azken hilabeteotako balorazioa eta sektoreak hartutako erabaki, neurri eta helburuak.

Sagardotegiak ari dira erreserbarako aukerak aktibatzen eta Sagardoa Routek ere (Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak) dagoeneko martxan du sagardotegian lekua automatikoki erreserbatzeko motorra eta udarako eskaintza osoa. Museoei dagokienean, Sagardoetxea museoak eta Igartubeiti museoak ekainaren 2an zabalduko dituzte ateak eta Albaola faktoriak ekainaren 5ean.

Modu bateratuan eta ikastaro batekin

Sagardo Sektoreak modu bateratuan itxi zuen txotx garaia –Gobernu espainolak alarma egoera iragarri baino egun bat lehenago hartu zuten erabakia sagardotegi gipuzkoarrek–, eta oraingo pausoa ere bateratuta ari da ematen. Sagardotegi bakoitzak erabakiko du ireki ala ez eta bakoitzak bere neurrira egokituko du hemendik aurrerako eskaintza, protokoloak eskatzen dituen arau guztiak errespetatuta. 

Hori aurrera eraman ahal izateko joan den ostiralean, maiatzak 22, sektoreak formazio ikastaro trinko bat egin zuen ateak berriro irekitzeko protokoloaren inguruan eta Euskal Sagardoak eskaini litzakeen aukeren inguruan.

Bertan, elkarteak zehaztu duenez, 55 sagardotegik hartu zuten parte eta kontuan hartu beharreko puntu nagusiak aztertzeko aukera izan zuten. Ikastaroa Hazi Fundazioa eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren bidez antolatu zen eta bertan Iñaki de La Armada adituak orain arteko protokoloa azaldu zuen, Olatz Mitxelenak (Sagardoa Route-ko koordinatzailea) sagardotegien protokolo espezifikoa azaldu zuen eta Unai Agirrek (Euskal Sagardoaren koordinatzailea) Jatorri Deiturak eskaintzen dituen aukeren eta proposamenen berri eman zuen.