naiz

Astelehenean irekiko da EAEko Lanbide Heziketan datorren ikasturterako izena emateko epea

Datorren astelehenean, ekainak 1, hasiko da EAEko Lanbide Heziketako 2020-2021 ikasturterako izena emateko epea, eta hilabete bereko 19ra arte egongo da irekita. Lakuako Hezkuntza sailak larunbat honetan eman du horren berri.

Donostiako Axular lizeoa. (Gorka RUBIO/FOKU)
Donostiako Axular lizeoa. (Gorka RUBIO/FOKU)

Interesa duten ikasleek bi bide izango dituzte eskaerak aurkezteko: Internet bidez edo Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan. Ikastetxe batean egiten diren tramiteak idazkaritzaren ordutegian egin beharko dira. Eskaera telematikoak Hezkuntza sailaren web orriaren bidez aurkeztuko dira: www.euskadi.eus/hezkuntza.

Uztailaren 7an onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Hurrengo egunera arte erreklamazioak egiteko epea egongo da eta uztailaren 13an behin betiko zerrendak ezagutuko dira. Uztailaren 13tik 17ra izango da matrikula egiteko ohiko epea (bi egunak barne).

Hezkuntza sailak adierazi du, halaber, urrutiko heziketa-zikloren bat egiteko aurrematrikula-epea zabalik dagoela ekainaren 9ra arte. BirtLHk (Ikaskuntza Birtual eta Digitalizatuen LHko Zentro Integratuak) urrutiko erdi- eta goi-mailako heziketa zikloak egiteko aukera ematen du, modalitate erdi presentzialean.

Guztira, 186 ikastetxek eskainiko dute EAEn Lanbide Heziketako heziketa-zikloren bat ikasteko aukera 2020-2021 ikasturtean. Lanbide Heziketak 23 lanbide-familiatako 136 titulazio eskaintzen ditu EAEn.

2019-2020 ikasturte honetan, 42.000 ikaslek baino gehiagok Lanbide Heziketako zikloren bat ikasten du EAEn, edozein modalitatetan: presentziala, urrutikoa edo eskaintza partzialekoa.