naiz

Gasteizko Batera zaintza sareak Urtarani pasatu dio zaintza beharrei erantzuteko erreleboa

Zaintza lanak modu kolektiboan antolatzen jarraituko duen arren, orain arteko fasea itxitzat eman dute Batera sareko kideek. Modu sinbolikoan, Bateraren telefonoa eskaini diote Gorka Urtaran alkateari eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari, zaintza lanak bermatzearen ardura har dezaten.

Gasteizko Plaza Berrian Batera sareko kideek egindako agerraldia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Gasteizko Plaza Berrian Batera sareko kideek egindako agerraldia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Gasteizko Batera zaintza sarea osasun krisiak egoera zaildu dien familiei laguntza eta baliabideak eskaintzeaz arduratu da azken hilabete eta erdian. «Baterak kolektiboaren beharrizanetan pentsatuz, sarean lan egiteko modu bat ekarri du», nabarmendu dute larunbat eguerdian Gasteizko Plaza Berrian egindako agerraldi jendetsuan. 2.500 boluntariok jardun dute lan horretan, eta agerraldian iragarri dute fase hau amaitutzat ematen dutela, nabarmendu badute ere auzoetan antolatzen jarraituko dutela «inoren zain egon gabe», «bizilagunekin sareak sortzen».

Bestalde, modu sinbolikoan, azken bi hilabete eta erdian «etengabe» deiak jaso dituen Bateraren telefonoa «eta berak dakarren ardura» eskaini diote Gorka Urtaran Gasteizko alkateari, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin «konpartitu dezan». Izan ere, Baterako kideen esanetan, gizarte zerbitzuek ez diete erantzun osasun krisiaren bueltan sortu diren beharrei eta beraiek, zaintza langile profesionalen lana ordezkatzeko asmorik gabe, Baterarekin kontaktuan jarri diren herritarren beharrak asetzen jardun dute sarean.

Aipatu dutenez, «pertsona eta bizitza» ugari ezagutu dituzte ibilbide horretan, «behar eta arazo anitzak», jendearen laguntza eskaerak bezain beste: langabezia, elikagaien falta, etxegabetzeak edo oinarrizko beharren falta izan dira sarearen telefonoak jaso dituen deien arrazoietako batzuk.

Hala, nabarmendu dute «ordua dela» instituzioak euren gain hartzeko egoera hauek guztiak konpontzeko ardura, eta salatu dute zaintza lanei, beharrezkoak diren arren, ez zaiela merezi duten errekonozimendua ematen.