Ane URKIRI

Korrikalari eta txirrindularien bizikidetza hobetzeko neurriak eskatu dizkiote Donostiako Udalari

Korrikalariak bidegorritik aritzea «normalizatu» egin dela dio Donostiako Hiriko Txirrindularien Elkarteak. Hiritar batek egunotan kexa bat igorri dio Udalari, korrikalari eta txirrindularien arteko bizikidetza hobetu dadin urratsak eman ditzala eskatzeko. Honen ustez, «korrikalariek ez dute betebeharrik» eta debekatuta duten bidegorritik aritzen dira. Korrikalariek, bestalde, onartu dute egun hauetan espaloian jende asko pilatu delako jo dutela bidegorrira.

Txirrindulari eta korrikalari bat Kontxako bidegorrian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Txirrindulari eta korrikalari bat Kontxako bidegorrian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Leuntze fasea hasi denetik, jende andana atera da kalera, izan paseatzera, korrika egitera edo txirrinduan ibiltzera. Mugikortasun eredua aldatu egin da eta honek arazoak eragin ditu zenbait lekutan. Donostian, esaterako, Kontxako pasealekuan oinezkoak, korrikalariak eta txirrindulariak gurutzatu dira eta zenbaiten jarrera kaskarra deitoratu nahi izan du donostiar batek.

Nolanahi ere, bizilagun honek –anonimotasuna gorde nahi izan du NAIZi eskainitako adierazpenetan– ohartarazi du arazoa ez dela oraingoa, aspalditik dagoen zerbait dela. «Normalizatua dago korrikalariak bidegorritik ibiltzea», dio. Berez, legearen aurrean, debekatua dagoen zerbait da baina ez omen da errespetatzen.

Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako Ordenantzaren 47. artikuluan arautzen du debekua Donostiako Udalak: «Bizikleta-bideak gainontzeko trafikotik eta oinezkoen aldeetatik fisikoki bereizita egongo dira. Bizikletari eta patinatzaileek baizik ezin izango dituzte erabili. Lastertasun gomendatua hamabost (15) km/h da, gehienez. Ezin da, inola ere, hogei (20) km/h baino azkarrago ibili».

Donostiako Udalari kexa bat igorri dio bizilagun honek, «runner eta txirrindularien arteko bizikidetza hobetze» aldera neurriak hartu ditzala eskatzen. Bera duela hogei urtetik aritzen da txirrinduan zein korrikan. Zalantzan jartzen du bidegorrian korrika aritzea debekatuta dagoela ba ote dakiten korrikalari guztiek; horregatik, kontzientziazio kanpaina bat abiatu dezala exijitzen dio, edota seinaleak argi eta garbi jar ditzala.

Bizikidetzarako ez ezik, istripuak saihesteko ere eraginkorra izan daitekeelakoan da. Kontxa edo Zurriolako pasealekuan errepidetik oso hurbil daude bidegorriak eta edozein keinu txarrengatik zerbait gertatzeko arriskua handia dela abisatu du.

Aspalditik dagoen arazoa

Ez da Udalera kexa igortzen duen lehen aldia. 2014an pasadizo bat izan zuen korrikalari batekin. Ohartarazi zion bidegorria ez zela korrikalarientzat eta honen jarrera bortitzagatik harrituta, gaiarekin «sentsibilizatu» zen. Pare bat aldiz erantzun diote baina konponbiderik eman gabe.

NAIZekin hitz egiten ari dela zenbait korrikalarirekin gurutzatu da Paseo Berrian, guztiak bidegorritik zihoazela adierazi du, «eta espaloian ez dago inor». Duela egun batzuk, korrikalari bati ohartarazi zion ezin zuela bidegorritik joan eta honen erantzuna izan zen «espaloia oinezkoentzat dela».

«Beraientzako ez dira oinezkoak, baina ez dira txirrindulariak ere», dio bizilagun honek eta beraz, sentsazioa dauka betebehar guztietatik kanpo geratzen direla. Txirrindulariek, aldiz, betebehar guztiak errespetatu behar dituzte: kaskoa, iluntzean argia, espaloitik oinez joatea...

Alde horretatik, korrikalariak bidegorritik joatean zirkulazioko neurriak ere ez dituztela errespetatzen ohartarazi du: «Zu mendira joaten zarenean badakizu ezkerraldetik joan behar zarela, aurrez datorren kotxea ikusteko. Bada, bidegorrietan nahi bezala aritzen dira, musika entzuten joaten dira, ez dute zure txirrina entzuten, aurretik beste bizikleta bat etorri daiteke...»

Kalapie elkarteko Gorka Hoyosek onartu du korrikalari asko aritzen direla bidegorrietan «eta, legez, korrikalariak ezin dira bidegorrietan aritu». Aitortu du, nolanahi ere, leuntze fasean guztiok kalera irteten hasi garenean hirian ez dagoela «espazio nahikoa guztiontzat».

Txirrinduzaleen elkartetik konfinamenduko bigarren astea pasata proposamen batzuk helarazi zizkioten Udalari, kotxeari espazioa kendu eta mugitzeko beste modu «osasuntsuagoei» lekua zabaltzeko: «Ez dute ezer egin».

Espaloian jende asko zegoelako, bidegorrira

Konfinamenduan guztia geldirik zegoenez, arazoak ez dira berriro argitara atera leuntze fasea hasi den arte. Donostiarrak kirol-klubeko batzordeko kide Mikel Uraldek ere onartu du lehen egunetakoa bai izan zitekeela kexarako arrazoi. Paseoan irten den jende gehiago aurkitu dute espaloian korrikalariek ere eta onartu du zenbaitetan bai jo dutela bidegorrira.

Orain, ordea, bigarren fasean gaudela, kirola egiteko edo kalera ateratzeko ordutegiak kendu dituztenean, jende pilaketak ezohikoagoak direlakoan da. Hala, kontziente dira debekatuta daukatela eta uste du korrikalariek jada ez daukatela aitzakiarik espaloitik bidegorrira joateko. Bi aldeek beraien aldetik bere onena jartzen badute «bizikidetza ona» eman daitekeela ziur agertzen da. Alde horretatik, txirrindulari batzuen abiadura ere ezbaian jarri du.

Udalera kexa igorri duen txirrindulari eta korrikalariak dio Donostiarrak kirol-klubeko zenbait kirolarik hausten dutela araua, beste hainbat korrikalarik bezala. Espaloian paseoan aritzen diren pertsona asko dauden hariari tiraka, adierazi du orduak eta eremuak badaudela korrika lasai egiteko. «Igande batean goizeko 11.00etan Kotxako pasealekutik joaten banaiz badakit oinezko asko aurkituko ditudala. Ezin baduzu beste ordutegi batean joan, badaude beste zenbait leku», azaldu du.

Hala, bere ustez, kirol-klubek ere zerbait gehiago egin zezaketen. Berak Fortuna taldearekin hitz egin izan du, jakinda hauen kontzientziazio kanpaina bat jende askorentzako eredu izan daitekeela. Behobia-Donostia lasterketak sona handia dauka, jende asko aritzen da lasterketarako prestatzen eta iruditzen zaio Fortuna bezalako klub batek bidegorrian aritzeko debekuaz ohartaraziz gero, bizikidetzarako urrats handia zitekeela.

Bestalde, Kalapieko bozeramaile Gorka Hoyosek zehaztu du badaudela espaloi batzuk oso estuak direnak eta hor korrikalariek zailtasunak eduki ditzaketela, «baina, hain justu», Kontxako pasealekuan...».

Hala, ohartarazi du txirrindulari batzuek ere erabilera eskasa egiten dutela eta horren kontra ere agertu da elkartea. «Gure funtsetako bat da guztiok garela oinezkoak hasieratik, eta guk beti errespetatu behar dugu oinezkoen eskubideak, lehentasuna dira», nabarmendu du.

Uda garaia, txirrindulari gehiago

Kalapietik ohartarazi dute gainera, orain uda garaian gauden honetan ohikoa dela txirrinduan hurbiltzea hondartzetara. Hoyosek uste du gainera, egoera honetan are jende gehiagok aukeratu duela mugitzeko modu hau.

Honekin lotuta eta apirilean egindako proposamenean txertatu zuten legez, bizikletak aparkatzeko leku gehiago behar dira. Egunotan zenbait bizikleta, berez gaizki aparkatuta zeudenak «baina molestatzen ez zutenak» erretiratzen aritu dira udal langileak. «Txirrinduaren erabilera kriminalizatzen dute», kexatu da.

Udalak bizpahiru kale oinezkoentzat bakarrik jarri ditu, autoen erabilera debekatuz. Askatasunaren Hiribidean gehienez 30 kilometro orduko abiadura baimentzen duen erreia jarri dute. Kalapietik ohartarazi dute beraien eskakizunetik oso urrun daudela hartu diren neurriak eta erakunde publikoak «gutxirekin asko gehiago egin dezake; kontua da hori lortzeko nahia edukitzea».

Mugikortasun zinegotzi «Pilar Aranak dio Askatasunaren Hiribidean bidegorria jarri dutela baina hori ez da bidegorria; hori da, 30 kilometro orduko abiadura errespetatu behar den erreia, txirrindulariek lehentasuna dutelarik», azaldu du Gorka Hoyosek.

Mugikortasun zinegotziak duela aste batzuk adierazi zuen seinale ona litzatekeela udan Donostia kotxez beterik ikustea. Adierazpen hauek deitoratu nahi izan ditu Kalapiek: «Onartezina da».