NAIZ

Ostatuak zabaldu ahal izango dira Ipar Euskal Herrian, deseskalatzearen bigarren fasean

Azken 24 orduetan 31 izan dira Estatu frantsesean koronabirusak jota hil diren pertsonak eta 14.288 erietxeetan artatuak izaten ari direnak, igandean baino 34 gutxiago.

Sokoako hau bezala, Lapurdiko kostaldeko ostatuak prest daude bihar ateak irekitzeko ( Guillaume FAUVEAU)
Sokoako hau bezala, Lapurdiko kostaldeko ostatuak prest daude bihar ateak irekitzeko ( Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herria deskonfinamenduko bigarren fasean sartuko da astearte honetan eta zenbait aldaketa ekarriko ditu jendartearen egunerokoan. Esaterako, ostatuak eta jatetxeak ireki ahal izango dira, hori bai, segurtasun neurri zorrotzekin; langileek eta bezeroek maskarak erabili beharko dituzte, ez da onartuko hamar lagun baino gehiagoko mahairik eta ostatuetan ezingo da zutik kontsumitu.

Hezkuntza arloan lehen mailako ikastetxeek ateak irekiko dituzte, hasiera batean hirugarren eta laugarren mailako irakasleak hartzeko, nahiz eta ikastetxe bakoitzak bere egoerara moldatu beharko duen. Parke, kirol gune eta antzerkiak ere ireki ahal izango dira, ez, ordea, zinemak, ekainaren 22ra itxaron beharko dutenak.

Mugikortasunari dagokionean, Ipar Euskal Herriko biztanleek ez dute, orain arteko 100 kilometrotako muga hori izanen, hori bai, Estatu frantsesaren menpe dauden lurraldeetan. Gipuzkoa eta Nafarroan sartzeko, ordea, momentuz behintzat itxaron egin beharko dute.

31 hildako

Aldaketa hauen bezperan, Frantziako Gobernuaren Osasun sailak jakitera eman duenez, 31 izan dira herrialdean azken 24 orduetan koronabirusak hildakoak eta denera 28.833 dira orotara gaixotasun honekin hildakoak. Hori bai, 31 azken hildako horien artean ez dira kontuan izan adinekoen egoitzetan zendutakoak.

Osasun sailaren txosten ofizialaren arabera, orotara 14.288 dira erietxe ezberdinetan dauden gaixoak, igandean baino 34 gutxiago, hauetariko 1.302 zainketa berezien geletan, bezperan baino 9 gutxiago.

Denera 152.091 dira Estatu frantsesean positibo eman duten pertsonak eta 68.440-k gainditu dute gaixotasuna.