Ciudadanosen babesa ere izango du Sanchezek alarma egoeraren 6. luzapena aurrera ateratzeko

Alarma egoeraren seigarren luzapena aurrera aterako du asteazken honetan Pedro Sanchez espainiar Gobernuko presidenteak; ERCren abstentzioa eta EAJren aldeko botoez gain, Ciudadanosen babesa ere izango du PSOEk. ERCk eta EAJk azalpenak eskatu dizkiote Sanchezi, beraiekin adostutakoarekin «kontraesankorra» delako alderdi laranjarekin hitzartutakoa. Jeltzaleek azkenean baietz bozkatuko dutela berretsi dute.

NAIZ|02/06/2020
Sanchez-congreso
Gobernu espainiarreko presidentea, Pedro Sanchez, Kongresuan. (MONCLOA)

Ciudadanosek alarma egoeraren seigarren luzapenaren alde bozkatuko du asteazken honetan espainiar Kongresuan egingo den bilkuran. Edmundo Bal alderdiko Kongresuko bozeramailearen albokoak baieztatu duenez, «zuhurtziagatik» eta «interes orokorrean» pentsatuta emango du baiezkoa.

Pedro Sanchezekin akordioa onartu du Ciudadanosek; horren arabera, deseskalatze prozesuaren azken fasean alarma egoeraren neurriak «berdin-berdinak» izango dira, autonomia erkidego bakoitzaren osasun egoeraren eboluzioa edozein dela ere. Horrekin batera, espainiar Gobernuak Ciudadanosek jarri dizkion «baldintzak» onartu dituela adierazi du alderdi horrek, horien artean turismoa suspertzeko egitasmo bat, 15 egun baino lehen onartu beharko duena.

Nolanahi ere, alderdi laranja ez zen ezinbestekoa alarma egoeraren luzapena aurrera ateratzeko, izan ere ERCn abstentzioarekin eta EAJren baiezko botoekin nahikoa zuen espainiar Gobernuak.

ERC eta EAJ, azalpen eske

Ciudadanosek Sanchezekin akordioa iragarri ondoren, ERCk eta EAJk azalpenak eskatu dizkiote presidente espainolari, izan ere, alderdi laranjarekin hitzartutakoa eta beraiekin adostu zuena «kontraesankorrak» direla uste dute.

ERC eta EAJrekin zera adostu zuen Sanchezek: hirugarren fasean autonomia erkidegoetako presidenteak izando direla agintari-ordezkariak, eta beraiek kudeatuko dutela deseskalatzea. Alarma egoeratik atera ala ez beraiek erabakiko lukete.

Ciudadanosekin itxitako akordioan, ordea, hirugarren faseko neurriak «Espainia osoarentzat berdinak» izango direla jasotzen da.

«Edo ongi azaltzen digute, zeren eta agian oker irakurtzen ari gara, edo badirudi biek talka egiten dutela. Eta ez dakit nola izango diren bateragarriak bi akordioak», esan du Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak.

Josu Erkoreka Lakuako bozeramaileak, berriz, alderdi laranja eta PSOEren arteko akordioaren «irakurketa bateragarria» egin daiteke, «nahiz eta artikulu batzuek kontraesankorrak diruditen».

Azkenean, EAJk ohar batean berretsi du baiezko botoa emango duela, alarma egoeraren dekretuak espainiar Gobernuarekin izenpetu zuen akordioa «erabat» betetzen duela eta ondorioz «autonomia erkidegoen eskuduntza guztiak berrezarriko direla eta autonomia erkidegoetako ordezkari gorenak izango direla, 3. fasean, kontrol absolutua bereganatuko dutenak eta erabakiak aldebakartasunez hartuko dituztenak».

Ekainaren 21a arte

Hamabost egunez, ekainaren 21a arte, luzatuko da alarma egoera, Kongresu espainolaren oniritzia jaso ondoren. Hirugarren fasean, autonomia erkidegoetako presidenteek kudeatuko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak eta, hortik aurrera, «normalitate berria» martxan egongo da.

Berrogeialdia altxatuko den agertoki horretarako, Sanchezek esan zuenez, turismoa «berehala» berpiztu behar da eta bi dimentsiotan proiektatu behar da, bata «nazionalean» eta bestea «nazioartekoan».

INFOS ASSOCIÉES

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.