Asier AIESTARAN

Zenbait emakume pilotarik ohar bat zabaldu dute sare sozialetan EPEko kide ez direla argitzeko

Guztira 21 pilotari ageri dira zerrendan, tartean izen ezagunak ere bai, Iera Agirre edo Olatz Arrizabalaga, esaterako. Oharra kaleratzeko arrazoirik ematen ez duten arren, kontuan izan behar da adierazpena Emakume Pilotarien Elkarteak asteburuan ateratako oharraren ondotik iritsi dela.

Amaia Alday, zerrendan ageri den pilotarietako bat (Andoni CANELLADA / FOKU)
Amaia Alday, zerrendan ageri den pilotarietako bat (Andoni CANELLADA / FOKU)

Hainbat emakume pilotarik ohar bat zabaldu dute sare sozialetan Emakume Pilotarien Elkarteko (EPE) kide ez direla esanez eta haien ordezkari bakarra bakoitzaren kluba dela jakinaraziz.

«Ohar honetan agertzen garen pilotariok adierazi nahi dugu ez garela EPEko (Emakume Pilotarien Elkarteko) kide eta horrenbestez gure klubek ordezkatzen gaituztela», dio mezuak, ondoren 21 pilotarien zerrenda gaineratuz.

Zerrendan ageri diren pilotariak hauek dira: Iera Agirre (Aurrera), Andrea Aldareguia (Irurtzun), Amaia Alday (Lemoa), Enara Anitua (Lea Ibarra), Olatz Arrizabalaga (Lea Ibarra), Janire Arrizabalaga (Lea Ibarra), Olatz Beitia (Lea Ibarra), Nagore Bilbao (Olarreta), Naroa Elizalde (Oberena), Madalen Etxegarai (Aloña Mendi), Leire Garai (Zaramaga), Nagore Galeano (Olalde), Leire Galeano (Olalde), Amaia Jaka (Irurtzun), Naroa Martinez (Lea Ibarra), Ane Mendiburu (Uharte), Uxue Oses (Aloña Mendi), Maite Ruiz de Larramendi (Oberena), Olatz Ruiz de Larramendi (Ameskoa), Irati Ugalde (Lea Ibarra) eta Ane Urkizu.

Oharra argitaratzeko arrazoirik zehazten ez duten arren, gogoratu behar da aurreko asteburuan EPEk ohar bat zabaldu zuela komunikabideetara, Leire Etxanizek binakako Emakume Master Cup txapelketaren finalerdietan ez zuela parte hartuko jakinaraziz eta lehiaketa horren antolatzaileen jarrera kritikatuz.