naiz

Hamar hildako azken orduetan Euskal Herrian koronabirusarekin eta zortzi positibo gehiago

Covid-19 gaitzarekin kutsatutako hamar pertsona hil dira Euskal Herrian azken orduetan, guztiak EAEn. Nafarroan ez da hildakorik izan azken 24 orduetan, eta PCR bidez atzemandako bi positibo besterik ez. Araban eta Bizkaian hiruna positibo gehiago zenbatu dituzte.

Covid-19aren probak aztertzen, Txagorritxuko ospitalean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Covid-19aren probak aztertzen, Txagorritxuko ospitalean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Covid-19aren datuen azken eguneraketaren arabera, azken orduetan hamar lagun zendu dira gaitzarekin EAEn, eta PCR testen bidez detektatutako kasu positiboak sei gehiago izan dira, hiru Araban eta beste hiru Bizkaian. Test azkarretan, aldiz, 79 kasu positibo berri atzeman dira. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake. Guztira, 19.967 kasu positibo aktibo daude EAEn.

Azken orduetan, 4.277 PCR test eta 1.102 test azkar egin dira; orotara, hurrenez hurren, 209.026 eta 116.078.

Bestalde, 109 pertsonak alta medikua jaso dute azken orduetan, koronabirusaren gaitza gaindituta. PCR positibodun lau ospitaleratze berri izan dira, eta hiru lagun gutxiago daude ZIUn ospitaleratuta. Alta, 24 lagunek jarraitzen dute ZIUn.

Kutsatuta dauden edo egon direnen artean, 1.553 pertsona hil dira pandemiaren hasieratik (%7,8), 16.656 zendu dira (%83,4) eta1.758k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute (8,8).

Kasu positiboak lurraldeka banatuta, Bizkaian izan dira positibo gehien, 10.977 (%56,4), atzetik Araban, 5.042 (%25,9), eta azkenik Gipuzkoan, 3.192 kasu (%16,4)

Kasu positiboen artean, 7.768 gizonezkoak izan dira (%38,9) eta 12.159 emakumezkoak (%60,9). Gainontzekoak, 40 izan dira (%0,2).

Nafarroan hildakorik ez

Nafarroari dagokionez, azken 24 orduotan ez da hildakorik izan eta PCR bidez atzemandako positiboak bi dira. Guztira 515 pertsona hil dira koronabirusarekin, eta 5.302 positibo zenbatu dituzte pandemia hasi zenetik.

Atzeman dituzten bi kasu berrietako inork ez du ospitaleratzeko beharrik izan, baina beste pertsona bat ZIUra eraman dute, bere osasun egoera larrituta. Guztira 64 lagun daude ospitalean, horietako 51 plantan eta beste hamaika Zainketa Intentsiboetan. Beste bi pertsona etxean daude.

Euskal Herrian orotara

Gaurko hamar hildakoekin, Euskal Herrian 2.080 dira covid-19 gaitzak jota hil direnak.