NAIZ

Euskal Eskola Publikoaren Jai birtuala egingo dute ekainaren 7tik 12ra

Koronabirusak eragin duen egoera dela eta, Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren antolatzaileek aurten Bastidan ospatzekoa zen edizioa 2021eko ekainerako uztea erabaki dute. Aurten jai birtuala egingo dute ekainaren 7tik 12ra.

‘Hazitik Gora’ zen Bastidan ospatuko zen Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren leloa.
‘Hazitik Gora’ zen Bastidan ospatuko zen Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren leloa.

2021eko ekainaren 6an ospatuko da Bastidan aurten ospatzekoa zen Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 29. edizioa ‘Hazitik Gora’ lelopean. Antolakuntzak dioenez, «aukera desberdinak aztertu ondoren eta datorren ikasturtearen hasieran izango dituzten erronka berriak» kontuan izanik, «erabaki zail hau» hartu dute aurreneko aldiz 29 urtetan.

Hala ere, jai birtuala antolatzen ari dira aurten ekainaren 7tik 12ra, Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren urteroko hitzordua mantentzeko nahian. Aurreratu dutenez, ekainaren 7an «agurrak eta sorpresak» izango dira. Bestalde, ekainaren 8tik 12ra arratsaldero euskarazko jarduera bat eskainiko dute internet bidez.

«Honekin, konfinamenduan ikasle asko sufritzen ari diren euskararen galerari aportazio xume bat egin nahi izan diogu euskarazko kalitatezko kultur-saioak euren esku ipiniz astean zehar. Era berean, euskal kulturgileak sufritzen ari diren galerari gure aportazioa egin nahi izan diogu», azaldu dute jaiaren antolatzaileek.

Datorren ikasturtean ekingo diote berriro ere Bastida eta Arabako Errioxako ikastetxe publikoen «lana aitortzea» helburu duen Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren edizioari. Modu honetan, «egoerak baimentzen duen heinean», ikasturtean zehar hainbat jarduera antolatuko dituztela iragarri dute.