oihane larretxea
DONOSTIA

Kartzelan bizitako hamasei urteak bildu ditu Karlos Gorrindok

Atzera begira jarri da Karlos Gorrindo ‘Funanbulistaren beldurra’ (Erein) liburua idazteko. 1980 eta 1996 urteen artean hainbat kartzaletan preso egon zen ETAko militante ohia eta orduan bizitakoak eta sentitutakoak bildu ditu. Orain arte egin ez badu, ez dela izan «ausardia faltagatik», esan du, baizik eta denboraren joanak objetibotasunari mesede egiten diolako. Joseba Sarrionandiak egin du hitzaurrea.

Karlos Gorrindok bere kartzelaldia jaso du azken lanean. (Andoni CANELLADA I FOKU)
Karlos Gorrindok bere kartzelaldia jaso du azken lanean. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Karlos Gorrindok (Gernika-Lumo, 1959) hamabost liburu idatzi ditu, heldu zein gazteentzat literatura, baina ez da orain arte izan sentitzen hasi dela idazle. ‘Funanbulistaren beldurra’ (Erein) lanarekin heldu zaio ogibidearen parte dela sinesten hasteko momentua. «Etxe hau hasi nintzen apurka, apurka eraikitzen, gizatasunez, sentimenduz, pentsamendu politikoz», adierazi du asteazken honetan, liburuaren aurkezpenean.

18 urterekin atxilotu zuten ETAko militante ohia. 1980. urtea zen eta Euskal Herria bor-bor zegoen. Ondorengo hamasei urteak lau hormaren artean emango zituen, Estatu espainiarrean barreiatuta dauden kartzela ezberdinetan. Alcala Meco, Palentzia, Soria, Puerto Santa Maria, Herrera, Valentzia, Langraiz… bakoitzean bizitakoak, eztabaidatutakoak eta sentitutakoak bildu ditu. Gaur idatzi ditu 30 urte atzera gertatutakoak, eta hori bera izan da ariketa. «Sortze prozesua ez da izan batere erraza, eta gainera urteetan zehar bueltak ematen egon naiz, ea inoiz idatziko ote nuen kartzelari buruzko lehen pertsonan liburu bat. Nire bizitza, gure bizitza, nire egiak eta errealitateak dira, kapaz izango ote nintzen ez nekien…», aitortu du gernikarrak.

Erantsi du ez dela izan «ausardia faltagatik». «Denboraren joanak beti egiten dio objektibotasun puntu bat erantsi narrazioari. Kartzelatik irten berri idazteko kapaz ez dakit izango ote nintzen, zauriak irekita zeuden orduan, oraindik odolotean, eta denborarekin agian… Objektiboa izateko uste nuen denborak pasa behar zuela, eta iragan kontu horiek pixka bat baretzen eta beratzen utzi behar nituela».

Memoriaren korapiloak desegin ditu. «Nahiko estresantea» izan da idazketa, atzera begiratu beharra. «Hainbat pasarte gaur egunera ekarri eta orduko pentsaerarekin idatzitako kontuak direnez gero, orduko sentimenduetara bueltatu behar nintzen, egoera animiko emozionaletara». Hori egiteko, Atxaga parafraseatuz, oroimena eta irudimena erabili ditu. «Oroimena da hari nagusia, eta irudimena gertatzen ziren hutsuneak betetzeko erabili dut, baldin eta errelato nagusiari kalterik egiten ez bazion. Asmamenik ez dago nobela honetan, nire errealitatea eta nire egia. Hau da neurea, eta ez dago besterik».

Nitasunetik gutasunera

Kontatzen dituen hamasei urteetan «bilakaera pertsonal eta humanoa dago, politikoa ere», esan du, eta erantsi du: «Ez dut uste ideologia aldaketarik dagoenik. Sentitzen eta pentsatzen nuena Euskal Herriari buruz 18 urterekin, berdin-berdin pentsatzen dut gaur egun, nahi dut Euskal Herri subirano eta independientea. Bilakaera horretan ni izatetik gu izatera pasa ginen kolektibo baten barruan, 600 pertsona batera sentitzen zara gutasun baten zati, eta nitasuna bazterrean uzten duzu, zorionez edo zoritxarrez».

Liburua zentzu batean «multimedia» da, izan ere kapitulu bakoitza (hamaika dira), kartzela batekin lotuta dago eta sasoi bakoitzean inportantea izan zen musika aipatzen ditu. Supertramp, Soriako kartzelan Jennifer Rush-en ‘The power of love’, Madrilen Pink Floyd «gauero-gauero», Puerto Santa Marian Leonard Cohen-en ‘Suzanne’… kapitulu bakoitza irakurri aurretik zehazten den abestia entzutea gomendatu du Inazio Mujika Ereineko editoreak.

Editorearen iritziz, Gorrindoren «meritu handiena» liburu honetan da «iraganera hurbiltzen dela orduan pentsatzen zuen bezala, eta orduko pentsamenduarekin, ez orain pentsatzen duen bezala. Liburu hau bilakaera baten historia bada, gu gara horren lekuko eta guk ikusten dugu bilakaera hori. Ez digu esaten ni hemen erratuta nago. Ez. Bere mina guk ere sentitzen dugu, eta hori da bere meriturik handiena».

Edukiak gaur egun egin dezakeen ekarpenaz galdetuta, «gure historia» hobeto ezagutzen lagund dezakeela uste du. «Ez dudana nahi izan da inoren kontra egin, alderantziz. Uste dut testigantza honek egin dezakeena dela gizartea hobetzen lagundu, pertsona moduan. Aurreiritziak bazterrean utzi eta zabaltasun osoz hitzegin eta hausnartzeko balio badu ondo». Aitortu duenez, idaztean ez du beldurrik izan «pentsatu, sentitu eta uste» duen iritzia bota duelako «Ez dut beldurrik ezer ez delako gezurrezkoa. Nik bizitakoa da dena. Inork uste badu bera kaltetzekoa dela, ez da nire arazoa», amaitu du.