NAIZ

Paul Urkijoren ‘Irati’ Cannesko Marché du Film atalean parte hartzeko aukeratu dute

Sitgesko Zinemaldiak ‘Irati’, Paul Urkijoren film proiektu berria aukeratu du Cannesko zine jaialdiko Marché du Film ataleko Fantastic 7 foroan parte hartzeko. Zuzendari gasteiztarraren lanak Estatu mailako genero fantastikoa ordezkatuko du ekainaren 24an eta 26an egingo diren saioetan.

Paul Urkijok ekainaren 24an aurkeztuko du Cannesen bere proposamena. (Juanan RUIZ | FOKU)
Paul Urkijok ekainaren 24an aurkeztuko du Cannesen bere proposamena. (Juanan RUIZ | FOKU)

Cannesko zine jaialdiko Marché du Film ataleko Fantastic 7 plataformaren helburua  zinema fantastikoa lantzen duten zinemagileen talentua sustatu eta aurkeztutako proiektuak ekoiztu ahal izateko laguntza eta finantzazioa lortzea da eta, edizio honetan, Paul Urkijoren ‘Irati’ lana hautatu dute, Zineuskaditik jakinarazi dutenez.

Iaz, Juanma Bajo Ulloaren ‘Baby’ lanak hartu zuen parte Fantastic 7 plataforman, eta, bigarren edizio honetan, munduko zazpi zinemaldik aukeratutako genero fantastikoko zazpi proiektu aurkeztuko dira. Sitgesko jaialdiak, Canneseko Marché du Film sailak eta Bernardo Bergeret Blood Window plataformaren sustatzaileak Paul Urkijoren film proiektua hautatu dute.

‘Irati’ filmean, ‘Errementari’ pelikularen zuzendariak Erdi Aroan girotutako istorioa aurkeztuko du. VIII. mendean, kristau eta musulman gerlari talde bat Pirinio paganoko baso sakonetan barneratuko da, Karlomagnok Orreagako batailan galdutako altxorra berreskuratzeko asmoz. Irati izeneko emakume gazte misteriotsu bat gidari dutela, izaki mitologikoz beteriko mundu batean murgilduko dira gudariak.

Fantastic 7 ekimena iaz aurkeztu zuten Cannesko zine jaialdian, proiekzioa duten egileen lanak merkaturatzeko aukerak bilatzeko asmoz. Aurten, pandemiak sortutako egoera konplexua izan arren, berriro egingo da foroa Marché du Film sareko topaketaren baitan. Ekainaren 24an proposamenak aurkeztuko dira, eta hilaren 26an, bilera azkarrak egingo dira proiektuen egileen eta produktore interesatuen artean.

Fantastic 7 egitasmoaren bi jardunaldiak Marché du Film merkatuaren web orriaren bidez jarraitu ahal izango dira. ‘Foreign Cop’ (Maxim Bessmertny), ‘Huesera’ (Michelle Garza Cervera), ‘I Have To You’ (Tim Kasher), ‘Illicit’ (Minji Kang), ‘Three for Eternity’ (Rami Yasin) eta ‘Violation’ (Madeleine Sims-Fewer & Dusty Mancinelli) film proiektuak ere aurkeztuko dira, Urkijorenarekin batera.