NAIZ

Xabin Usandizaga kalean da, 23 urte geroago, zegozkion erredentzioak onartuak izan ostean

Xabin Usandizaga Galarraga euskal preso politiko oñatiarra aske utzi dute, 23 urteko espetxealdiaren ostean. Abuzturako zuen jarria irteteko data, baina erredentzio batzuk onartu dizkio Auzitegi Nazionalak eta zigor osoa jada apirilaren 2an agortu zuela agindu du.

Xabin Usandizaga, jada aske dela. (Etxerat Twitter)
Xabin Usandizaga, jada aske dela. (Etxerat Twitter)

Xabin Usandizaga Galarraga euskal presoa Kordobako kartzelatik askatu dute gaur arratsaldean azkenik, 23 urteko espetxealdiaren ondoren.

Oñatiarrak 60 urte ditu eta 1997ko uztailaren 3an atxilotu zuten, Jose Antonio Ortega Lara espetxeko funtzionarioa libre uzteko polizia operazioaren baitan. Ordutik preso egon da.

Urte hauetan guztietan lehen graduan klasifikatuta eduki dute, eta erregimen itxian. 2013an 197/2006 sententzia –‘Parot doktrina’ gisa ezagun egin zena– ezarri zioten eta espetxealdia luzatu, beste euskal preso askori bezala.

Usandizagak 2015. urtean bete zituen ezarritako zigorraren hiru laurdenak, eta beraz aske behar luke ordutik, baina euskal presoei ezartzen dieten salbuespen politikaren ondorioz progresiorik izatea egotzi diote.

Irteera data abuzturako finkatua zuen orain, baina Auzitegi Nazional espainolak zenbait erredentzio onartu dizkio –Filologia Hispanikoa ikasi du kartzelan, besteak beste– eta irteera data apirilaren 2koa izan behar zela onetsi du, NAIZek baieztatu ahal izan duenaren arabera.

Gauzak honela, ostiral honetan arratsalde partean geratu da aske. Senideak hurbildu dira Andaluziako hirira, Xabin Usandizaga etxerako bueltan laguntzeko.