Zinemaldiak ekainaren 30era arte luzatu du filmen izen-ematea

Osasun krisiak sortutako salbuespen egoera dela-eta, Donostiako Zinemaldiak 68. edizio honetako filmen izen-ematea sarean egiteko epea ekainaren 30era arte luzatzea erabaki du. 68. edizioa irailaren 18 eta 26 bitartean ospatuko da.

NAIZ|05/06/2020
Zinemaldia-luzapena
Zinemaldiaren 68. edizioa irailaren 18 eta 26 bitartean ospatuko da. (NAIZ)

Donostiako Zinemaldiak bi aste luzatu du 68. edizioko filmen izen-ematea sarean egiteko epea, Covid-19aren ondoriozko osasun krisiak eragindako salbuespen egoera dela eta. Beraz, programazioko sailetako batean parte hartu nahi duten filmek ekainaren 30era arteko epea izango dute izena emateko.

Culinary Zinema sailaren deialdiaren (ekainak 15) eta WIP Latam, WIP Europa eta Nest egitasmoen epemugak (uztailak 1) bere horretan geratuko dira, Donostia Zinemalditik jakinarazi dutenez.

Iaz bezala, izena emateko prozesuan, filmean karguren bat izan duten pertsonen generoa identifikatzeko eskatuko da. Hala, Donostia Zinemaldiak 2018an Parekidetasunaren eta Emakumeen Inklusioaren aldeko Gutuna sinatu ondotik hartutako konpromisoetako bat beteko du, alegia, estatistikak generoaren arabera bereizi ahal izatea, bai hautaketara aurkeztutako filmena, bai hautatu eta programatuena. «Era horretan, datu fidagarri eta egiazkoak lortuko ditugu emakumeen partaidetza duten proiektuen inguruan», adierazi dute.

Film luzeak aurretiko hautaketara aurkezteko epea, beraz, ekainaren 30ean amaituko da. Informazioa, parte hartzeko arau orokorrak, sail bakoitzaren araudia eta sareko inprimakia Zinemaldiaren webgunean daude eskura.

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.