NAIZ

Bayernek 2-4 irabazi dio Leverkuseni eta Bundesliga esku-eskura du

Bavariarrak 1-0 galtzen hasi dira, baina atsedenaldirako erabakita utzi dute neurketa. Lewandowskik bere 30. gola sartu du, baina ezingo du hurrengo norgehiagoka jokatu. Borussiak ere ez du huts egin etxean Hertha Berlinen aurka.

Lewandowski eta Muller, Goretzka zoriontzen (Matthias HANGST / AFP)
Lewandowski eta Muller, Goretzka zoriontzen (Matthias HANGST / AFP)

Bayern zuzen-zuzen doa Bundesligako tituluaren bila. Gaur arratsaldean 2-4 irabazi du Bayer Leverkusenen zelaian eta lau partidaren faltan zazpi puntuko aldea ateratzen dio Borussia Dortmund bigarren sailkatuari.

Bavariarrek oztopoei aurre egiten ere badakitela erakutsi dute, Leverkusen hamargarren minutuan aurreratu delako Alariok sartutako gol bati esker. Marrazainak jokoz kanpokoa adierazi du hasieran, baina VARak ontzat eman du gola.

Aurreko jardunaldietan gertatu zaion moduan, Bayernek baloiaren jabetza izan du hasieratik, baina kosta egin zaio arriskua sortzea lehen minutuetan.

Horrelakoetan zailena lehen gola egitea izaten da, eta horretarako aukera ona eman dio Leverkusenek. Zelai erdian Mousa Diabyjk galdutako baloia bikain baliatu du Goretzkak Kingsley Comani baloia emateko, eta frantziarrak ez du barkatu Hardeckyren aurrean.

Bayernen gola kolpe gogorra izan da etxekoentzat, eta behera etorri dira lehen zatiko azken minutuetan. Eta baita garesti ordaindu ere: 42. minutuan Goretzkak 1-2koa sartu du ezkerrez, eta 45. minutuan Gnabry izan da hirugarrena egin duena baloia loratuz.

Atsedenaldirako partida erabakita utzi du Bayernek 1-3koarekin, baina bigarren zatian ere bavariarrak izan dira arrisku gehien sortu dutenak. 1-4koa, azkenean, 65. minutuan iritsi da eta golegilea Robert Lewandowski izan da.

Poloniarrak aurten ligan sartzen duen 30. gola izan da, baina txartel bat ere ikusi du eta ezin izango du hurrengo neurketa jokatu. Mullerri ere berdina gertatu zaio.

Partida amaitzeko faltan, Florian Wirtz gazteak sartu du Leverkusenen bigarrena, azken 2-4koa ixteko. Bere garrantzia du golak, Wirtz bilakatu delako Bundesligaren historian gola sartzen duen jokalari gazteena: 17 urte eta 34 egun. Orain arteko gazteena Nuri Sahin zen, 2005ean Borussiarekin 17 urte eta 85 egun zituela sartu baitzuen bere lehen gola.

Borussiak ere berean jarraitzen du

Bayern indartsu baldin badabil, berdina esan daiteke Borussiari buruz ere, nahiz eta Dortmundeko taldeak emaitza estuagoarekin irabazi duen gaur bere dema. Emre Can alemaniarrak sartutako gol bati esker menderatu du 1-0 Hertha Berlin.

Hori bai, etxekoek hasieratik agindu dute jokoan eta beraienak izan dira aukera ia guztiak. Gainera, ordu erdia bete aurretik Herthak aldaketa bat egin behar izan du Dilrosunek min hartu duelako. Esswein irten da zelaira bere ordez.

Lehen zatiko azken minutuetan hobeto ibili da Berlingo taldea, baina neurketa golik gabe joan da atsedenaldira. Eta bigarren zatiko hasiera ere nahiko parekatua izan da.

Berdintasun hori apurtu duen gola, ordea, 57. minutuan iritsi da. Izkinako sake bat ederki ikutu du buruz Julian Brandtek eta Emre Canek ez du barkatu area barruan.

Azken txanpan Hertha berdinketaren bila joaten saiatu da, baina Borussiak ere aukerak izan ditu kontraerasoan, nahiz eta bietako inork ez duen lortu atea zulatzea.

Leipzigek, kale

Amaitu diren jardunaldiko beste neurketetan, Leipzigek 1-1 berdindu du etxean Paderborn azken sailkatuaren aurka eta bigarren posturako lehian atzera pausoa eman du.

Magunciak 0-2 irabazi dio Eintrachti Frankfurten, garaipen baliotsua jaitsiera ekiditeko borrokan, eta 2-2 berdindu dute Dusseldorf eta Hoffenheimek.