NAIZ

Hamaika aldarrirekin plazak bete eta kaleak berreskuratzeko saioa egin du Gure Esku-k

Bilbon eta Lezon izandako aurrerapenen ondotik, bihar beste 50 herrietan burujabetzaren aldeko aldarriak antolatu dituzte.

Era guztietako aldarriak irakurri ahal izan dira Bilboko Eliptika plazan (Aritz LOIOLA/FOKU)
Era guztietako aldarriak irakurri ahal izan dira Bilboko Eliptika plazan (Aritz LOIOLA/FOKU)

Konfinamenduak lehendik ere metatutako aldarriak areagotu eta gaurkotu baino egin ez dituenez, itxialdiaren arintze prozesua hastearekin batera, segurtasun neurriak ahaztu gabe, «plazak bete eta kaleak berreskuratzeko» garaia heldu dela uste du Gure Esku herri dinamikak. Covid 19ak Hamaika Gara ekinbidearen atzerapena ekarri badu ere, gaur martxa eman diote berriro dinamikari «Hemen erabaki, herritarrok erabaki» lelopean Bilbon eta Lezon izandako elkarretaratzearekin. Bi ekitaldi hauek bihar Euskal Herriko beste 50 herritan izango direnen aurrerapena izan dira.

«Black Lives Matter», «Testak denontzat», «Euskal Presoak Euskal Herira», «Irtenbidea,autodeterminzioa», «Gastu militarrak behar sozialetarako»... era eta kolore desberdineko hamaika mezu irakurri ahal izan dira, etxean egindako karteletan, Bilboko Plaza Eliptikora gerturatu diren 250 bat lagunen eskuetan. Bakoitzak bere aldarria eramateko deia egina zuen Gure Esku-k eta, segurtasun neurriak errespetatuz, mezu horietako bakoitzak zenbait itzuli eman dizkio plazari, sintonia ederrean.

Orwellen 1984, inoiz baino gaurkotuagoa

Bilboko konpartsetako kideek, Beñat Zarrabeitia kazetariak, Milia Ortiz de Pinedo eta June Telletxea feministek, EHGAMeko kide den Jaime Mendiak, Steilaseko Ana Perezek eta beste zenbait lagunek inoiz baino indar gehiago hartu duen George Orwellen "1984" lanaren pasarteak irakurri dituzte ekitaldian zehar, eta Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak azaldu duenez, itxialdian herritarrak etxean egon badira ere, «burujabetzan sakontzeko nahia plazan dago berriro».

Itxialdia gogorra izan den arren, ikasteko aukera ona izan dela ere aldarrikatu du Etxaburuk, esaterako «osasun krisiari, krisi ekonomiko eta sozialari ezin zaiola aurre egin herritarroi bizkarra emanda».

Martxa berriz ere hartuta, bertaratuei indarrak hartzeko ere eskatu die, «udazkenean, Bilbo erabakitzeko eskubidearen eta burujabetzan sakontzearen gune» bihurtzeko asmoa du eta Gure Esku-k.

Ekitaldia amaitzeko, parte hartzaileek eskuetan izandako aldarrikapen guztiak plazako iturriaren inguruan jarri dituzte, bertatik pasatzen diren guztiek irakurri eta bere egin ditzaten.