Haritz Larrañaga
Entrevue
Mikel Barrios

«Nire kontrako epaiak egungo blokeo egoera azaleratzen du»

Ekainaren 23an epaitu zuten Mikel Barrios iruindarra Parisen. Epaileak bost urteko espetxe zigor finkoa eta hamar urteko lurralde debekua ezarri zion. Gauzak honela, 2018ko urriaren 29tik kontrol judizialpean Itsasun bizi den preso ohia Mont de Marsango espetxean giltzapetuko dute ekainaren 28an. 

Mikel Barrios Santamaria astelehenean Mont de Marsan espetxean giltzapetuko dute. Guillaume FAUVEAU
Mikel Barrios Santamaria astelehenean Mont de Marsan espetxean giltzapetuko dute. Guillaume FAUVEAU

2017ko urriaren 27an atxilotu zuten Mikel Barrios Berlinen (Alemanian), Iñigo Gulina burlatarrarekin batera. Urte bereko abenduan Estatu frantsesera estraditatu zuten euroagindu bategatik eta Osnyn espetxeratua izan zen, 2018ko urriaren 29an eskumuturreko elektronikoarekin baldintzapean aske utzi zuten arte. Ordutik kontrol judizialpean izan da, baina epailearen erabakiz astelehenean berriz espetxeratuko dute. 

Halako zigorrik espero zenuen?
Batere. Kondena espero nuen, zigorraren tamainak ere ez nau asko harritu, baina kartzela ezin ekidin izatea, hau da espetxeratze finkoa, hori ez nuen espero, zeren Instrukzio fasea ongi pasatu zen. Instrukzio epaileak testuinguru politikoa kontuan hartu zuen, baina epaiketan prokuradoreak eta epaileak izan zuten jarrerak ordurarteko logika guztiz hautsi zuten. Oso bortitza izan zen.  

Zein izan zen prokuradorearen jarrera?
Nere kasuan epaiketa oso markatua zen. Euro agindu batekin eraman ninduten Parisera, beraz epaiketa oso zehatza zen. Hala ere, galderak egiteko modua oso bortitza izan zen. Nahiz eta egungo testuingurua azaltzen saiatu ez zuten entzun nahi.Militanteak ez direla aldatu eta ETAk ez zituela arma guztiak deuseztatu esaten zuten… Zalantzan jartzen dute hemen mundu guztiak badakiena, hau da, ETA desarmatu zela eta desegin egin zela.  

Bestalde, gustura nago, zeren nahiz eta entzun nahi izan ez gintuzten, lan polita egin genuen testuinguru politikoa esplikatzen eta egungo egoera zein den azaltzen. Maila pertsonalean, ostera, barneak nahasita ditut, zeren astelehenean espetxean izango naiz.

Nola sentitzen zara egun?
Espetxetik atera nintzenean eskumuturreko elektronikoarekin atera nintzen. Sei hilabetez izan nuen gailua. Hastapenean soilik lanerako uzten zidaten etxetik ateratzen, gero pixkanaka asteburuan ere bai eta azken aldian, eskumuturrekoa kendu zidatenetik jendarmerian izenpetzera aurkeztu behar nuen. 

Lortua nuen bizi egonkor bat izatea eta egoerari buelta ematea, zeren bizi berriari ohitu behar nuen. Psikologikoki gaizki egon naiz. Hainbeste urte herritik kanpo egon ostean, eta gero espetxea... uste dut bizi horretako tentsio guztiak atera zaizkidala. Aurrera begira, ikusiko... orain barneak mugituak ditut, baina pasako dela espero dut, zeren orain hobeto nago eta aurrera egiteko gogoekin.

Kaleratzeko prozesua eta kanpoan eman duzun denbora birgizarteratze prozesu batean kokatzen da. Jaso duzun zigorrak, ordea, ez dirudi birgizarteratze printzipioa aintzat hartzen duenik...
Inondik ere ez. Ni Itsasun bizi naiz. Elkarte desberdinetan aritu naiz herritarrekin gauzak antolatzen, adibidez, erraldoiekin eta abar. Herrian integratu naiz. Lanean ere berdin. Kartzelatik atera nintzenean kontratu mugatua nuen, gero beste bi bider berritu zidaten kontratua, eta orain, azkenik kontratu mugagabea egin didatenean, orduan etorri da epaia.

Epaiketan erakutsi dugu Itsasun bizi soziala dudala, integratu naizela eta lan bat dudala, baina futitu dira. Beraz, argi geratzen da, esaten dutena esaten dutela, espetxe politika ez dela birgizarteratzeko... justu kontrakoa dela esango nuke...

Azken urteetan urrats batzuk eman diren arren, egun presoen gaia blokeo egoeran dela salatzen dute eragile desberdinek. Uste duzu zure epaia blokeo egoera horren ondorio dela?
Bai, ikusten da, lagundu beharrean edo haien ekarpen txikia egin beharrean kontrako zentzuan doazela. Nere epaiketan eman den sententziak orain arte Estatu frantsesak izan duen ildoa jarraitzen du. Euskal preso batzuk urbildu dituzte, urrats txiki batzuk eman dituzte, baina orokorrean kontrako zentzuan aritu dira, eta nire kasua, kasu bat gehiago da. Ez dakit zer nahi duten... Gerra egotea? Gerran jarraitzea?

Zein balorazio egiten duzu presoen inguruan sortu diren dinamika eta mobilizazioen inguruan?
Argiki orain artekoa ez da nahikoa izan. Urrats batzuk ematen ari dira, onak dira, baina ez dira aski, ez dugu lortzen blokeo hori altxatzea. Nire ustez behar da aurrera egin, indar metaketa handiagoa egin, gehiago mobilizatu, herria aktibatu, hautetsien lanarekin jarraitu... guztia uztartuz, nik uste dut zerbait gehiago lor dezakegula. Nire ustez, nahiz eta bide onean joan, zoritxarrez, ez dira aski izan orain artean egin diren mobilizazio eta urratsak.

Epaiari helegitea jarriko diozuela iragarri duzue. Ba al da aukerarik zigorra osorik bete gabe kalean izateko?
Guk helegitea jarriko dugu ahal bezain laster, bai bost urteko espetxe zigorrari eta baita hamar urteko expulsioari ere. Aldi berean nere askatasun eskaera ere abian jarriko dugu, prozesu hori garatzen den bitartean kalean egon ahal izateko, zeren ez du inongo zentzurik espetxean egoteak... Eskatu dizkidaten neurri guztiak bete ditut, eskatu didaten moduan, beraz alde horretatik ez dute inongo aitzakiarik. Horregatik, ulergaitza da helegitearekin espetxeratze agindua ezin saihestu izana.