NAIZ
BILBO

Deustuko Unibertsitateak irailaren 14an hasiko du ikasturtea; zatirik handiena aurrez aurre egingo du

Deustuko Unibertsitateak irailaren 14an ekingo dio 2020-2021 ikasturteari, eta jardueraren zatirik handiena aurrez aurre egingo du, azpitaldeetan, eta beste zatia urrutitik, talde handian. Hala jakinarazi die Jose Maria Guibert errektoreak unibertsitateko graduetako 8.000 ikasleri baino gehiagori.

Jose Maria Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea. (Maialen ANDRES/FOKU)
Jose Maria Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea. (Maialen ANDRES/FOKU)

Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak adierazi du «ziurtasuna txikia eta ziurgabetasuna handia» dela, eta inork ez dakiela zer egoera izango den bizpahiru hilabete barru. «Baina, gaur-gaurkoz, hipotesirik arrazoizkoena da irailean oraindik ere nolabaiteko salbuespenezko egoeran egongo garela, eta indarrean egongo direla pertsona eta taldeko prebentzio eta babes neurriak eta pertsonen arteko urruntzeari dagozkionak. Horixe da egoerarik gertagarriena eta, horri begira ari gara lanean. Egoerari erantzuteko, aurrez aurreko eredu egokitua sortu dugu», azaldu du.

Horrela, Deustuko Unibertsitateko hezkuntza ereduak aurrez aurreko ikaskuntzan oinarrituta egoten jarraituko du, «aurrez aurrekoa funtsezkotzat baitugu irakas-ikaskuntza prozesuetan eta ikaslearen bidelagun izatean».

Hala ere, egoerak aurrez aurreko aukera hori egokitzera behartu ditu, pertsonen arteko prebentzio, babes eta urruntze aginduak errespetatzeko eta campusetan eta egoitzetan aldi berean elkartu daitezkeen pertsonen kopurua mugatzeko.

Adierazi duenez, funtsean, bi aldaketa egingo dira: taldeak eta sailak bi azpitalde txikiagoetan banatuko dira, eta irakas jardunaren zatirik handiena aurrez aurre egingo da, azpitaldeetan, eta beste zatia urrutitik, talde handian. «Eredu berriak azken hilabeteetan garatu eta erabili ditugun baliabide pedagogikoak eta teknologikoak hartuko ditu, baita urrutiko prestakuntzan izan dugun esperientzia eta esperientzia horretatik ikasitakoa ere», gaineratu du errektoreak.