Nagore BELASTEGI

Iluntasunetik argitasunerako bidaia osatu du Miren Agur Meabek poemen bidez

‘Begiak zerumugan’ (Elkar) 68 poema eta 48 aforismoz osatutako liburua da. 2003tik 2020ra idatzitako testuak berreskuratu eta sailkatu ditu Miren Agur Meabek, eta gero Ane Pikaza ilustratzailearen arteari esker sortu nahi zuen bidaia onirikoa osatu du.

Miren Agur Meabek 200 poemen artean aukeraketa egin du liburua osatzeko. (Teresa KORTAZAR)
Miren Agur Meabek 200 poemen artean aukeraketa egin du liburua osatzeko. (Teresa KORTAZAR)

2003tik hona idatzitako 200 poema inguru zituen Miren Agur Meabek gordeta. Horiek berrikusi, sailkatu eta aukeratu ostean, 68 bildu ditu ‘Begiak zerumugan’ liburu berrian, Ane Pikaza ilustratzailea bidelagun duena.

Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak azaldu duenez, iluntasunetik argitasunera egindako ibilbide bat da poema liburu hau, poesia irakurtzera ohituak ez dauden heldu, zein poesia irakurtzen hasten diren haur eta gazteei zuzendua, alegia, edozein adin tarterentzat aproposa. «Lehenengo orrian haizearrosa bat dago, norabidea sekula ez galtzek –adierazi du–. Hortik hasita, lau ataletan zehar pertsonai baten pausoak jarraituko ditugu».

Liburuaren amaieran Pikazak egindako «horma irudia» dago, liburutik askatu daitekena mapa moduan erabiltzeko, irakurtzen gauden bitartean ibilbidea ikusiz.

Meabek, berriz, azaldu du poemak antolatzean ez zuela bilduma soil bat izatea nahi eta horregatik zentzu bat ematea erabaki du. Hala, lau atal osatu ditu eta bakoitzean pertsonaiaren ibilbidea jarraitzeko gakoak ematen ditu. ‘Har ezazu fardela’ da bidaiaren hasiera, leku aldaketaren premia adierazten duena. «Fardelean askotariko emozioak daude: poza, etsipena, beldurra, mina… edozein gizakik bere bidean garraiatutako zamak», esan du.

‘Argi-itzaletan mela’ da bigarren atala, bidean aurkitu ditzazkegun zailtasun, zalantza, neke eta esfortzuari erreferentzia egiten diona. «Bidaia behin hasita ez dago gelditzerik», aipatu du idazleak.

Hirugarren zatia da ‘Arimaren arbela’. Arbela hori zeruaren metafora bat da eta hausnarketara, kontenplaziora eta ikasketara gonbidatzen gaitu. Izan ere, ibiltaria askatasun bila dabil bere lekua konkistatzeko. Azken atalean, berriz, ‘Han hemen marinela’, ibiltariak zeharkatu dituen askotariko espazioak ikusiko ditugu. Amaierako poema ‘Izan’ du izena, eta ordurarte bizitakoari zentzua ematen dio, pertsonaia bilatzen ari zen horri buruz hitz egiten duelako: izatea.

Tartean 48 aforismo topatu ditzazkegu. Meabek hauei «mapa txikiak» deitzen die uste duelako «norberaren baitaneko geografia markatzen dutela».

Ane Pikazari enkargua poemen aukeraketa egin ostean iritsi zitzaion. Guztiak irakurri eta ideia pila bat etorri zitzaizkion burura, baina ezinezkoa zen 2.000 irudiz osatutako liburua sortzea. Hala, desplegable bat egitea erabaki zuen poemen osotasuna irudikatuko zuena, baina ideia hori baztertu egin zuen eta beste ideia batzuk lantzen hasi zen.

Elkarrera bere lana erakustera joan zenean baztertutako ideiak ere erakutsi zituen, eta Antxiñe Mendizabali eta Miren Agur Meaberi desplegablearen ideia asko gustatu zitzaienez, berreskuratu egin zuen. «Erronka izan da osotasuna adierazten duen baina era berean atal bakoitzari erreferentzia egiten dion ilustrazioa egitea», kontatu du marrazkilariak.

Era berean, konfinamenduan zehar egin duen lana izan denez, uste du nahi gabe berak sentitzen zituen gauza batzuk ere islatu dituela irudietan.