NAIZ

Mikel Barrios sostengatzeko manifestazioak, uztailaren 4an Arrosadian eta Itsasun

Mont de Marsango kartzelan espetxeratu berria izan den Mikel Barriosi sostengua adierazteko mobilizazioa deitu Sarek uztailaren 4rako Iruñeko Arrosadia auzoko Felisa Munarriz plazatik 18.00etan abiatuta. Egun berean, baina 17.00etan, Itsasun ere aldarrikatuko dute iruindarraren askatasuna. 

Iruñeko Arrosadia auzoan gaur egin dute agerraldia. (SARE)
Iruñeko Arrosadia auzoan gaur egin dute agerraldia. (SARE)

«Konponbide garaia da. Izan Bidea. Mikel Etxera!» lelopean Mikel Barriosi sostengua adierazteko mobilizazioa deitu du Sarek uztailaren 4an Iruñeko Arrosadia auzoko Felisa Munarriz plazatik 18.00etan abiatuta. Mobilizazioak talde hauen sostengua du: San Fermin peña, Azpilagaña koordinadora kulturala, Azpilagañako joaldunak, Arrosadiako jai batzordea, Arrosadiako koordinadora kulturala, AAGM eta Arrosadiako Ernai.

«Berriz ere kartzela, berriz ere herritar bat espetxera eta berriz ere sufrimendua gure auzora. Bost urteko espetxe zigorra, eta hau betetzean Estatu Frantziarrean 10 urtez bizitzeko debekua ezarri dio Frantziako Auzitegiak Mikel Barrios Santamariari. Mikelek egun bere bizimodua egonkortua zuen Ipar Euskal Herrian. 12 urte daramatza Arrosadiatik urrun. 2009an atxilotu zuten lehenik eta Espainiak eskatutako euro-agindua Frantziako estatuak onartu ez zuen arren, poliziaren jazarpena zela eta ezkutatzea erabaki zuen. 2017. urteko urriaren 27an atxilotua izan zen Berlinen (Alemania). Bi hilabete Alemanian preso egon eta gero, Frantziak eskatutako euro-agindua Alemaniak onartu eta 2017ko abenduaren 15etik 2018ko urriaren 26 arte Osnyko (Paris) espetxean preso izan zuten. Neurri judizialekin baldintzapeko askatasunean egon da hilabete batzuk. Pasa den ekainaren 23an Parisen epaitua izan zen eta astelehenean, ekainak 29, Mont de Marsanen espetxeratua kondena betetzeko», laburdildu dute Barriosen ibilbidea gaur egin duten agerraldian.

«Mikel, beste askorekin batera, bake prozesuari bere ekarpena egiten ari zela atxilotu zuten, berak epaileari argi eta garbi adierazi zion moduan. Baina Estatu Frantziarreko epaitegietan, Estatu Espainiarrekoetan bezala, gorroto eta mendekuan gotortuta dauden epaileak daude. Konponbideari oztopoak jarri nahi dizkioten epaileak, sufrimendu garaiak atzean utzi nahi ez dituzten epaileak. Norabide horretan kokatzen dira azken aldian Estatu frantsesaren erabaki ezberdinak: Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaeraren ukapena, Josu Urrutikoetxea aske ez uzteko erabakia. Eta orain, Mikel espetxeratzeko agindua!», salatu dute.

«Konponbide garaia da! Aski da! Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean zein askatasunean oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi dugu. Eta zentzu horretan, injustizia guzti hauen aurrean, ez gara geldirik geratuko, bidea egiten jarraituko dugu. Preso, iheslari eta deportaturik gabeko Nafarroa, Euskal Herria behar dugu, hori izango baita elkarbizitza eta benetako bakeari egin diezaiokegun ekarpenik onena. Aldi berean, Estatu Espainiarrari, Frantziarrari, eta nola ez Nafarroako gobernu eta erakundeei bide horretan inplikatzea exijitzen diegu», erantsi dute.

Itsasun ere

Arrosadian egingo denaz gain, espetxetik atera zenetik bizileku izan duen Itsasu herrian ere haren askatasuna aldarrikatuko dute egun berean, hilaren 4an.

Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da mobilizazioa, Itsasuko Herriko Etxetik.

Protesta honekin gaitzetsi nahi dute Barrios 5 urterako espetxeratu izana eta 10 urtez herrira itzultzeko debekua ezarri izana.