NAIZ
BAIONA

Lakuak eta EEPk 1,9 milioi euro bideratuko dituzte Ipar Euskal Herrian euskara sustatzera

Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) 1.930.000 euro bideratuko dituzte 2020an Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko egitasmoetara. Lakuak 400.000 euro jarriko ditu funts horretan, eta EEPk 1.530.000 euro. 

Dobaran eta Arrabit, Lakua eta EEPren arteko akordioaren aurkezpenean. (IREKIA)
Dobaran eta Arrabit, Lakua eta EEPren arteko akordioaren aurkezpenean. (IREKIA)

Miren Dobaran Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteak bi erakundeen arteko akordioaren 2020rako xehetasunak aurkeztu dituzte ostiral honetan, Baionan egindako prentsaurrekoan. Euskarazko irakaskuntza, euskaltegien lana, euskarazko hedabideak eta euskarari lotutako aisialdiko proiektuak bultzatuko dituzte 1.930.000 euroko aurrekontuarekin.

Funts hori bi ataletan banatu da: 1.798.500 euro Ipar Euskal Herriko eragile jakin batzuk diruz laguntzeko, eta 131.500 euro beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko, deialdi baten bidez.

Iazko banaketarekin alderatuta, aldaketa nagusia da lehen funtsa gehitu dela (223.500 euro gehiago), orain arte deialdiaren bidez laguntzen ziren eragile batzuk lehen multzora mugitu direlako. Sei eragile izango dira, bost hedabide eta hezkuntzaren arloko eragile bat: Aldudarrak Bideo (web-telebista), ‘Herria’ (paperezko astekaria), Euskal Komunikabideak (‘Iparraldeko Hitza’ paperezko astekaria), Iparla Baigura komunikazioa (kazeta.eus agerkariarentzat), Errobi Promotions (web irrati elebiduna) eta Udako Euskal Unibertsitatea.

2017-2022 aldirako bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren barruan dago ostiral honetan sinatutako akordioa. Hitzarmena oinarri hartuta, bi erakundeek urtero zehazten dute zeintzuk izango diren kontuan hartu beharreko irizpideak laguntza horiek banatzeko orduan, eta uztailean jakinarazten dute nola banatuko den funtsa.

Akordio horretaz gain, 2017an EAEko Gobernuak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza-politikaren arloko lankidetza bultzatzeko akordioa sinatu zuten, urtero berritzen den Hiruko Ituna.

Miren Dobaranek akordioaren garrantzia azpimarratu du Zuberoan, Nafarroa Beheran eta Lapurdin euskara bultzatzeko eta, era berean, covid-19ak izango duen eraginaz hitz egin du.

«Esan beharrik ez dago covid-19ak eragina izan duela gure bizitzako arlo guztietan, eta lankidetza honi dagokionez ere, aldaketak ekarriko ditu: bide eta erronka berriei egin beharko diegu aurre elkarrekin», azaldu du.

Euskara biziberritzeko lanek atzerapausorik jasan ez dezaten, «inoiz baino garrantzitsuago da erakundeen arteko elkarlana, eraginkortasunez ekiteko egoera zail honen aurrean» gaineratu du sailburuordeak.

Finean, «hemendik aurrera, buruan izan beharko ditugu era berezian Internetek, sareak, eta ingurune digitalak oro har euskarari eskaini ahal dion espazioa, eskaini ahal dizkion baliabideak eta urratu behar dituen bideak» azaldu du.

Arrabit, EEPtik Euskal Elkargora

Agerraldian ere parte hartu du hemendik gutxira Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaritza utziko duen Beñat Arrabitek. Arrosako auzapezak Garazi Baigorriko lurralde eremuan hautagai izanen dela baieztatu du gaur, bere asmoa baita Euskal Elkargoan jardutea.