NAIZ

Leitza, landa eremuko turismoa egiteko Hego Euskal Herriko herririk aproposena

Landa eremuko turismoa egiteko Estatu espainoleko herririk onenen artean kokatu da Leitza. Escapada Rural webguneak antolatutako bozketan seigarren sailkatu da. Lehen hamar herririk onenen artean Euskal Herriko bakarra izan da. Kantabrian kokatzen den Potesek irabazi du bozketa.

Leitzako Atekabeltz gaztetxeko murala. (Jon URBE / FOKU)
Leitzako Atekabeltz gaztetxeko murala. (Jon URBE / FOKU)

Laugarren edizioa zuen aurtengo "Landa Eremuko Turismoaren Hiriburu" lehiaketak, Escapada Rural webguneak antolatuta. Hamar herri aproposenen artean Leitza sailkatu zen eta azkenean, seigarren postuan bukatu du bozketa.

Guztira, 94.545 boto eman dira –iaz emandakoen bikoitza– eta %7,3k aukeratu du Leitza landa eremuko turismoa egiteko tokirik onena bezala.

Escapada Rural webgunearen arduradunek parte-hartze handiarekin pozik agertu dira, hala nola finalean egon diren hamar herrien inplikazioa ere.

Webgunean bertan herri bakoitzean 48 orduan egin daitekeen plan bat dago argitaratua –ostiral arratsaldetik igande arratsaldera–, udalerri bakoitzeko turismo arduradunek osatua. Koronabirusaren eraginez, barnealdeko turismoak indarra hartuko du eta honen jakitun, landa-turismoa bultzatzen saiatu eta ahaleginduko dira zenbait herri. Kasu honetan, gainera, sailkapen hau esanguratsua eta erreferentziazkoa izan daiteke zalantzan dauden horientzat.

Mendiko txangoak, bizikleta gainean egin daitezkeen landa eremuko ibilbideak, gastronomia, Peru Harri museora bisita eta herriaren erdigunetik osteratxoa ematea nabarmentzen dira Leitzaren kasuan. Bisitariarentzat interesgarriak izan daitezkeen lekuen kontaktuak ere batzen dira bertan.

Euskal Herriko herri bakarra sailkatu da lehen hamar onenen artean eta bera izan da Leitza. Beraz, ondorioztatu daiteke Euskal Herriko herririk aproposenen arteko podiumean dagoela.

Erreferentziazko lekua

Duela lau urte hasi zuen ekimena Escapada Rural webguneak bi helbururekin: landa-turismoaren aldeko apustua egiten duten udalerriak ikusaraztea, esperientziak eta kezkak partekatzeko harreman-sare bat sortuz, eta irabazlea edota finalistak landa-turismoa egiteko erreferentziazko leku bihurtzea.

Botoen %26arekin Kantabriako Potes herria izan da garailea. Bigarren postua Antenararentzako (Kanaria Handia) izan da eta podiumeko azken lekua Caceseren kokatua dagoen Guadalupe herriarentzat. Leitzaren aurretik, laugarren eta bosgarren sailkatuak Cazalla de la Sierra (Sevilla) eta Colombres (Asturias) izan dira, hurrenez hurren.

Ayna (Albacete), Rascafria (Madrid), Santo Domingo de Silos (Burgos) eta El Rasillo de Cameros (Errioxa) izan dira gainontzeko finalistak.