Ane URKIRI

Zuazoko bi kapitainek, Sanchezek eta Fernandez-Agustik hitzarmena luzatu dute beste urte betez

Zuazo eskubaloi taldea datorren denboraldira begirako taldea osatzen hasia da. Momentuz, kontratuen luzapenak iragarri ditu eta, Joseba Rodriguez 'Haito' entrenatzailearekin batera, taldean garrantzitsuak diren lau jokalarik beste urte betez jarraituko dute Barakaldon: Ainhoa Hernandezek, Maddi Aallak, Alba Sanchezek eta Mada Fernandez-Agustik.

Alba Sanchez, Bera Beraren aurkako neurketan, Lasesarren. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Alba Sanchez, Bera Beraren aurkako neurketan, Lasesarren. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Eskubaloiko Ohorezko Maila irailaren bigarren astean hasiko da, formatu berri batekin. Bera Bera eta Zuazo izango dira euskal ordezkariak eta talde donostiarrak jada osatu du 2020-2021. denboraldiko taldea

Barakaldoko taldeak egituraketa lanetan jarraitzen du eta, printzipioz, Joseba Rodriguez 'Haito' entrenatzaileak hasitako proiektuari jarraipena emateko asmoa dute. Hala ere, oraindik hiru baja eta lau hitzarmen luzapenen berri ematen dute. Gainontzekoekin negoziatzen ari direla aurreratu diote NAIZi klubeko iturriek.

Proiektu horretan ez dute jarraituko Amaia Gonzalez de Garibayk, Nayla de Andresek eta Alexandra Gilek. Gonzalez de Garibay Valladolidera, etxera, itzultzen da eta De Andres Morverdreren proiektura batuko da.

Fitxaketen berririk ez du eman oraindik ere baina momentuz, esan dezake taldean garrantzitsuak diren lau jokalarik beste urte betez jarraituko dutela. Ainhoa Hernandezek, ekainaren 10ean, Radio Popular irratiko elkarrizketan aurreratu zuen beste urte betez jarraituko zuela bere etxea den klubean eta duela egun batzuk baieztatu zuen klubak.

Zuazorentzat ikurra da Ainhoa Hernandez kapitaina, gustora dago Lasesarren, eta proiektuan jarraitzeak indarra ematen die taldearen helburu berriei. Klubak taldeko «bandera-ontzitzat» du harrobiko jokalaria eta, honen berri ematean, adierazi zuen «talde gazte baina borrokalariaren oinarri garrantzitsua» izaten jarraituko duela.

Maddi Aalla bigarren kapitain eta atezain nagusiak ere bere hitzarmena berritu du Zuazorekin. Plentziatarrak bere seigarren denboraldia beteko du gorengo mailan, guztietan Barakaldoko taldearen elastikoa defendatzen. Azken hiru denboralditan lehen atezain gisa jokatu du –Merche Castellanos joan zenetik– eta maila ona erakutsi du. Amaitu berri den denboraldian, lesio baten ondotik, bi hilabetez jokatu gabe egon zen.

Bi kapitainez gain, Alba Sanchez eta Mada Fernandez-Agusti erdiko jokalariek ere berritu dute beren kontratuak.

Kordobako Adesaletik iritsi zen Sanchez 2018ko udaran eta azken sasoian taldeko golegile nagusia izan da. Taldeari freskotasuna emateko iritsi zen eta erasoan aritzen da gehienbat.

Morverdretik heldu zen Fernandez-Agusti asturiarra iaz. Erasoa eta defentsa uztartu ditu eta gutxika-gutxika garrantzia hartzen joan da 'Haito' entrenatzailearen plangintzan.