Maite Ubiria

Maitasun, nortasun

Ekainaren 21an Euskal Herriko barne mugak berriz ireki zituztenean erabilitako hitzek zentzu sakonagoa hartu dute herriko bozen bigarren itzuliak igandean utzitako emaitzak ikusita: hesiak altxatu eta zubiak berriz ere zabaldu dira.

Maite_Ubiria_aurpegia
Maite_Ubiria_aurpegia

Hamarkadaz hamarkada, mailurik ez zutenean azazkalekin, murrua higatzeko lana garatu zuten ezkertiar eta abertzaleek hiru lurralde hauetan.

«Enbata zikinak» deitu zieten mespretxuz herri kontseiluetan sartu zirenean.

1983an Daniele Albizu emazte eta abertzalea hautetsi izendatu zutenean urradura txikia agertu zela murruan oroitarazi berri dit Filipe Aramendi Urruñak izanen duen lehenengo auzapez abertzaleak.

Urrun zein gertuko jauntxoen nagusikeria pairatu zuten herritar aitzindari horiek. Harrokeria ez dugu, tamalez, faltan U12ko hautagaien mezuetan. «Plan Nacional Vasco» ez dute asmatu-eta!

«Memoria dugunez maparen beharrik ez dugu» zioen CUPek eginiko hauteskunde spot famatu batek. Oroitzapenekin jarraitu dezagun denbora labur batez.

Hego Euskal Herritik ihesean zetozen militanteei ateak irekitzearekin batera ikusmira zabaldu eta asmoak mamituz joan ziren Ipar Euskal Herrian.

Paretetan «herriak bizi behar du» leloa jalgi zen, eta lantegiz lantegi borrokak azkartu ziren berdin Hazparnen edo Maulen. Ez galdetu patroiak zein elizakoa ziren.

Nehor tronpatu ez zedin zoru teorikoa ezarri zuen Angelun hil zuten Arrigorriagako semeak: Euskal Herrian lan eta bizi duen edonor da euskal herritar.

Faxismoa 5.0k Hego Euskal Herrian bira esperpentikoa antolatu baina berrogei urte lehenago mugarri plantatua utzi zuen.

Ekainaren 28an amaitu ziren herriko bozetan Rassemblement Nationalek hautetsi bakar bat ere ez zuen lortu Ipar Euskal Herrian.

Izan ere, abertzaleen bilakaera ez zen hor gelditu. Nazioa pentsatzeko tresnak beharrezko zirenean Jokin Apalategik idatziak utzi zituen eta Maite Idirinek nazioa sentitzeko premiazko den kantua.

«Lehengo Enbatakoen leloa: Muga ken!». Harat Pantxoa Bimboire urtetan Baionako Merkatal eta Industria Ganberan ekonomia arloan jardun duen Parisen sortutako herrikideak oroitarazi dit, zapa!, aspaldiko mandatua. Nondik eta Twiterretik. To!

Kontakizunaren zirrikituetan gehiegi galdu gabe laburbildu dezagun herriko bozetan abertzaleek bildu duten arrakastaren formula.

Lan isila aski aipatua izan denez, pazientzia historikoaz eta elkarlanerako gaitasunaz jardun dezagun.

Lurraldearen asmoak agertarazteko bi eginkizun nagusi baziren. Lehena, bidea oztopatzen zuten elite zaharren erretreta botoz boto azkartzea; eta, bigarrena, edo lehengoaren segida, jatorri ezberdineko biztanle berriak azkarki irabazten dituen Ipar Euskal Herriak bere egiten dituen erronkak -trantsizio ekologikoa eta soziala- lehen lerroan jarri egitasmo zehatzen bidez.

Joan dira marmarka aspalditik boterean ziren notableak. Eta, han ere, joango dira besteak.

Zer pentsatuko zuen igande gauean duela urte gutxi batzuk soilik Ziburuko azokan kanpaina egiten zuen Michèlle Alliot-Marie eskuinaren buruzagiak bere sokako Guy Poulou auzapezaren ondorengoa Eneko Aldana izanen dela jakin zuenean?

Ados. Irriñoa agertu zaigu ahotan. Pozez zoratzen badira hangoek zein hemengoek E28k utzitako emaitzekin. Beharrik.

Hala ere, txaloen ostean ontsalaz nortasun politiko berriaren eraikuntzan lan partekatua mugaz gaindi eramateko garrantziaz jabetzeko momentua helduko da.

Horren esperoan, fonotekatik erreskatatu dut Anje Duhalderen «Maitasun, nortasun» ereserkia. GPSn datu berriak sartu, eta bidaiaz gozatu!