Arnaitz Gorriti

Orio garaile, iazko lepo beretik burua Euskotren Ligan

Coruña Hiria III. Banderako jardunaldi biak eraman ditu «Txiki» traineruak eta, ondorioz, bandera ere bereganatu du. Donostiarrak, Hondarribiarekin lehia polita izan ondoren, bigarren postuan amaitu du. Aldiz, Arraun Lagunak azkena izan da berriz, inork uste baino maila eskasagoa emanez.

Orioko emakumeen taldeko arraunlariak, Coruñan erdietsitako garaipena ospatzen. (EUSKOTREN LIGA)
Orioko emakumeen taldeko arraunlariak, Coruñan erdietsitako garaipena ospatzen. (EUSKOTREN LIGA)

Iazko lepotik du burua emakumeen Orioko traineruak. 2020ko Euskotren Ligako aurreneko bandera mirotzek eraman dute Coruña Hiria III. Banderako jardunaldi bietan nagusitu ostean. Antza, Donostiarrai zapatuan 4,82 segundoko aldea ateratzea nahiko iruditu ez eta igandeko estropada ere goitik behera menpean hartu du «Txiki« traineruak.

Aurreneko txanpatik estropadako branka hartu du Oriok eta ez du sorpresarik emateko betarik ezta abagunerik laga. Coruñako estropada eremua ez da erraza izan, haize handi xamarra eta lantza giroa izan dute, baina Nadeth Agirreren patroitzarekin, ederki moldatu da Orio, hasieratik aurrea hartuta amaierara arte.

Txanponaren ifrentzua Arraun Lagunak izan da. Iaz bigarren izan zen «Lugañene» eta estropada bat ere eraman zuen, baina denboraldi hasiera hontan bederen oso maila eskasa erakutsi du. Oriorengandik oso urrutik aurreneko minuturako, azken postua ezin izan du saihestu, eta asko geratzen zaio hobetzeko hurrengo asteetara begira.

Hala, lehiarik politena Donostiarrak eta Hondarribiak bizi izan dute bigarren posturako, iaz hirugarren izateko bizi izan ohi zuten bezala. «Torrekua I» aurretik hasi bada ere, Hondarrbiiak hortzak erakutsi dizkio. Are gehiago, ziabogan bigarren izan da «Ama Guadalupekoa», Oriorengandik bi segundora bakarrik eta Donostiarrari traineru beteko aldea aterata.

Alabaina, Donostiarrak buelta eman dio estropadari azken luzean eta Hondarriba atzean laga du azken aldian, baita Oriorengana apur bat hurreratu ere. Hala ere, ordurako mirotzak garaipenaz gozatzen hasita izan dira.

Coruña Hiria III. Bandera:

1- Orio: 11:29.26 (22:42.06)

2-Donostiarra: 11:34.16 (22:51.58)

3-Hondarribia: 11:36.02 (23:06.84)

4-Arraun Lagunak: 11:50.62 (23:26.56)

Euskotren Liga:

1- Orio: 8 puntu

2-Donostiarra: 6 puntu

3-Hondarribia: 4 puntu

4-Arraun Lagunak: 2 puntu