Iraia Oiarzabal

Galderen garaia

Iraia_Oiarzabal_ONA
Iraia_Oiarzabal_ONA

Hauteskunde kanpainaren lehen astea pasata, atzerako kontua hasi da eta nire buruari galdetzen diot zer ekarriko duten uztailaren 13ak eta hurrengoek. Galdera zabaldua dela esango nuke, ez bakarrik bozen emaitzetatik etorri daitekeen Gobernuagatik. Orokorrean galderaz betetako garaia bizi dugu eta, halakoak gara, erantzunak behar ditugu gure zaurgarritasunaren aurrean.

Ez dira lau hilabete pasa etxean konfinatu ginenetik. Ezezagun genuen birusak gure «orekak» hautsi zituen, ezezagun genuen egoera batera eraman gintuen. Kezka nagusi, orduan eta orain. Ez dakigu zer gertatuko den datozen aste eta hilabeteetan. Etor daitekeenaren aurrean prest egongo garela pentsatu nahi dugu, hori errepikatzen digute batean eta bestean. Eta horixe sinetsi nahi dugu galderak uholdean sortzen zaizkigunean.

Gogoan ditugu bakardadean zendu direnak, gure biziak zaintzeko buru-belarri lanean aritu diren emakume eta gizonak, izerdia eta izua azalean sentitu duten autonomo eta enpresa txikiak, lanpostua kolokan ikusi dutenak, boluntarioak, pandemiaren ondorioek bazterretik bazterrerago eraman dituztenak... Krisi hitza entzuten dugun bakoitzean gure beldurrak esnatzen dira. Osasun krisiaren ondotik ei dator krisi ekonomiko eta soziala. Eta berriro ere, galderak.

Zalantzak uxatu nahian ikusi ditugu kanpainan. Ezegonkortasunaren aurrean, segurtasuna helarazi nahian. Bakoitza bere modura, bere programa eskuan eta, era batean edo bestean, aurrean duena seinalatuz. Batzuk trebeago kamera aurrean besteak baino. Kanpainak ez dira espazio egokiena izaten formetatik harago mamiak aztertzeko. Erantzun azkarrak nahi ditugu galderen garai honetan.

Datorrenak arnas luzeko erantzuna eskatuko du. Gure kontraesanei aurrez aurre begiratzeko gaitasuna, lidergoa eta elkarlanerako borondatea. Nahi dugun herriaz hausnartu eta hitz egitea eskatuko du. Ez da ariketa erosoa izaten, baina bide horretan gure kontzientziak apur bat astintzea osasungarria izaten da. Horretarako gai izango al gara uztailaren 12aren atarian eta ondorengoetan? Horra hor galdera.