Osakidetzako langileak kalera aterako dira berriro ostegunean osasun publikoaren alde

Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek osasun publikoaren aldeko elkarreratzeak egingo dituzte uztailaren 9an, ostegunean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

NAIZ|GASTEIZ|06/07/2020
Txago
Elkarretaratzea Txagorritxun, joan zen astean. (Raul BOGAJO/FOKU)

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek dei egin diete Osakidetzako langileei eta herritarrei uztailaren 9an, 18-00etan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzten elkarretaratzeetan parte hartzera.

Ohar batean azaldu dutenez, «joan den ekainaren 26an elkarretaratzeak deitu genituen Donostiako, Txagorritxuko eta Basurtuko ospitaleetan, baita Osakidetzako Lehen Arretako osasun zentroetan ere, Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politikak eta euskal osasun publikoaren pixkanakako ahultze kezkagarria salatzeko».

«Osasun Sailaren erantzunik jaso ez denez, elkarretaratze berriak deitu ditugu datorren ostegunean, uztailaren 9an, 18.00etan, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Donostian, Boulebardeko kioskoan, eta Gasteizen, Olagibeleko Osasun Zentroaren aurrean», adierazi dute, eta Osakidetzako langileak eta herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte, «ongizate kolektiboko tresna den osasun publikoaren defentsan».

Sindikatuek salatu dutenez, «azken urteotan osasuna negozio iturri bihurtu da batzuentzat. Hala, osasun publikoa ahuldu egin dela ikusi dugu, eta horren ondorioak agerikoak izan dira osasun krisi honi aurre egiteko orduan. Langileen ahalegina eta inplikazioa izan da gure osasun sistemaren gabeziak arintzea lortu duena, egunerokoan gertatzen den bezala».

Eta, deitoratu dutenez, «langileek guztiz salbuespenezko baldintzetan egin dute lan: lan karga onartezinak; babes neurrien falta kezkagarria; eta langile urriek osatutako ekipoak, Osakidetzak ez baitie baliabide egokirik eta nahikorik eman krisiari aurre egiteko».

«Horren ondorioz langileak akitu dira, fisikoki eta psikologikoki. Ikusi besterik ez dago profesional bat hil dela, eta 2.000 profesional baino gehiago kutsatuta daudela, babes neurririk ez izateagatik», gaineratu dute, eta «osasun publikorako aurrekontu partida bat» aldarrikatu dute, «EBko batez bestekoarekin parekatuko dena».

Zerbitzu pribatizatuak arlo publikora «itzultzea» exijitu dute, «dagoen enplegua galdu gabe»; eta «murrizketa guztiak lehengoratzea» eskatu dute. «Egoera hori zuzentzeko neurriak hartzeko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Bestela, protestak areagotuko ditugu, bat ere baztertu gabe», ohartarazi dute.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.