NAIZ

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa hasi dute ia 12.600 ikaslek EAEn

Batxilergoa eta Lanbide Heziketako goi mailako zikloren bat egin duten 12.594 ikaslek hasi dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) gaur goizean Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), iaz baino %8,6 gehiagok.

Ikasle talde bat Gasteizen, unibertsitatera sartzeko proba egiten. (Endika PORTILLO/FOKU)
Ikasle talde bat Gasteizen, unibertsitatera sartzeko proba egiten. (Endika PORTILLO/FOKU)

Batxilergoko 11.758 ikaslek hasi dute gaur Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE), lehen selektibitatea bezala ezagutzen zena, EHUk jakinarazi duenez. Horietatik 1.640k Arabako campusean egingo dute azterketa, 5.801ek Bizkaikoan eta 4.287k Gipuzkoakoan. Lanbide Heziketatik , berriz, 836 ikasle aurkeztuko dira; 136k Arabako campusean egingo dute, 379k Bizkaikoan eta 307k Gipuzkoakoan.

Hizkuntzari dagokionez, Batxilergoko ikasleen %74k euskaraz egingo du (8.677 ikasle), eta %26k gaztelaniaz (3.051). Lanbide Heziketako ikasleei dagokienez, %57k egingo du proba euskaraz, eta %43k gaztelaniaz.

Araceli Garin Gradu eta Graduondoko Ikasketen errektoreordeak adierazi duenez, arazorik gabe joan da azterketen hasiera eta ikasle guztiak eserita zeuden azterketak hasi baino ordu laurden lehenago. Ikasleak pixkanaka sartu dira, 20 minutuko tarteetan eta alfabetoaren ordenari jarraiki.

EHUk higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasotzen dituen protokoloa prestatu zuen egun hauetarako, probetan parte hartzen duten guztiek errespetatu beharrekoa. Protokoloa bigarren hezkuntzako ikastetxe guztietara bidali zuen eta EHUko webgunean ere kontsultatu ahal da.

Osasun neurrien artean, ikasle bakoitzak bere maskara kirurgikoa eta azterketa egiteko materiala eraman behar izan du (bolaluma, erregelak, kalkulagailua), eta une oro mantendu beharko du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia.

Pertsona guztiek eskuak garbitu behar izan dituzte ikasgelara sartu aurretik, eraikinen sarreretan ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoaz. Dagokion epaimahaiko presidente edo idazkariak emandako jarraibideak jarraitu behar dituzte. 

Nafarroan ekainaren bukaeran egin zuten selektibitatea.