Idoia ERASO

Euskal kultura nagusi izango duen uda programazio aberatsa Baionan

Osasun krisiak ekarritako egoera bereziari aurre eginez, uztailaren 20tik irailaren 11ra bitarte kultura programazio aberatsa prestatu du Baionako Herriko Etxeak, egunero ekitaldi bat proposatuz. Paseo jaialdiaren aurtengo berezitasunak euskal kulturari emandako presentzia nabarmena eta osasun neurriak bete ahal izateko azpiegitura.

Yves Ugalde, Roger Goyeneche eta Pantxoa Etchegoin. (Guillaume FAUVEAU)
Yves Ugalde, Roger Goyeneche eta Pantxoa Etchegoin. (Guillaume FAUVEAU)

Pandemia egoerarekin bat egiteko, Paseo festibalaren hirugarren edizioa luzatu egin da, eta uztaila, abuztua eta irailean zehar antolatu diren ekimen kulturalak bilduko ditu. Programazioa urte hasierarako pentsatuta bazegoen ere, Herriko Etxetik berrikusi egin dute, ia osorik euskal artisten esku utzita. Astearte honetan Baionan Herriko Etxeko eta Euskal Kultur Erakundeko kideek egin duten agerraldian euskal artistei sostengua ematearen garrantzia azpimarratu dute.  

Hiriko gune ezberdinetan doako 35 kontzertu, 200 ikuskizun koreografiko edo karrika antzerki izanen dira, eta horri loturik bost erakusketa. Garai berezi honetan ekitaldiak urririk izateak duen garrantzia azpimarratu du Yves Ugalde Kultura zinegotziak: «Momentu zail honetan, gizarteak artistek ekartzen duten itxaropena behar dute».

Antolakuntzan eta finantziazioan parte hartu duen EKEko zuzendaria den Pantxoa Etchegoinek kultura eremuko langileen egoera zaila nabarmendu du: «Gure artisten artean inkesta bat egin dugu egoeraren zailtasuna erakusten duena, eta jaialdia bertako artistekin, eta urririk izateak garrantzi handia badu». Jaialdiaren antolaketak 110.000 euroko aurrekontua dauka, eta parte nagusia artistei zuzendutakoa izanen dela adierazi dute.

Euskal kultura bere aniztasunean agertuko da, musika, dantza eta antzerkia izanen dira, estilo tradizional, zein modernoei tokia emanez. Irailaren 5a arte egunero, Askatasun plazan ‘Pausa koreografikoa’ izanen da; astearte, ostegun eta igandeetan kontzertuak izanen dira irailaren 8a arte, eta hilaren 4ra arte ostiraletan karrika ikuskizuna izanen da. Jaialdiari amaiera emateko irailaren 11an Cocahna talde okzitandarraren kontzertua izanen da, Atalante zinema aretoak antolatzen duen Rencontres sur les docks festibalaren itxierarekin bat eginez.

Programa

‘Pausa koreografikoa’ Bilaka danza tradizional konpainiak, Ezec Le Floc’h malabarismo taldeak eta Illicite konpainiek emanen dute uda guztian zehar.

Merkatu plazan asteartero 40 minutuko bi kontzertu izanen dira, osasun neurriekin bat egin ahal izateko, emanaldietan jende gutxiagori eginen zaio harrera, eta horretarako bi emanaldi aurrikusi dira. Astero talde edo bakarlari batek joko du: uztailaren 21ean BLM Quartet, 28an Pauline & Juliette, abuztuaren 4ean Naia, 11an Alma Chula, 18an Anne Etchegoyen, 25ean Gorka, irailaren 1ean Korrontzi eta 8an MT4.

Ostegunetan kontzertuak Jacques-Portes plazan izanen dira: uztailaren 23an Duo Maaj, 30ean Ezcurra Trio, abuztuaren 6an Ensemble Rayuela, 13an Otxalde, 20an Alain Sourigues eta 27an Nuna Qanik.

Ostiraletan, irailaren 4ra bitarte, Christophe Pavia ileapantzaile eta artistak, ikuslegoaren artean orrazkera berezi eta artistikoak eginen ditu. Merkatu, Errepublika eta Jacques-Portes plazen artean ibiliko da udan zehar.

Asteari amaiera emateko, igandeetan, kontzertua izanen da Rene-Cassin baratzeko kioskoan 19.00etan. Gaiteros du Roi Leon uztailaren 26an, abuztuaren 2an eta 23an izanen dira; Uztaritzeko Txistulari banda abuztuaren 9 eta 30ean; eta Larre Alde abuztuaren 16an eta irailaren 6an.

Erakusketak

Erakusketen artean hitzordu nagusia Euskal Museo ireki berrian izanen da, uztailaren 18an abiatuko da, eta Ziburuko Poterie tailerrari eskainitakoa izango da. 2021eko urtarrilaren 3ra arte, artisautza eta artea elkartu dituen lokalaren ibilbidea ezagutaraziko da.

Euskal Herriko jantziei eskainitako erakusketa katedraleko kalostrapetik hiriko dendetako erakusleihoetara joanen da. Maritzuli konpainiak egindako zazpi lurraldeetako jantziak abuztuaren 18tik irailaren 11ra ikusten ahalko dira.

Hirian udako hitzordu nagusia diren festei buruzko hiru erakusketa antolatu dituzte, aurten ere hiriko jaien presentzia ziurtatzeko, baina oraingoan, historiari begiratuz. Jaiak ospatu izan balira, amaiera egunaren biharamunean hasiko dira muestrak, baimenik gabeko elkargune bilakatu ez daitezen. Ipar Euskal Herriko azken hamarkadetako memoria historikoa irudien bitartez bildu duen Daniel Velezen argazkiak izanen dira Poudrieren. Festetarako egindako afitxak Bastion royalean eta jaietako historia Errege gotorlekuko belbederean aurkeztuko dira.

‘Euskal Herriko talentuak’ izenburupean, Kepa Etchandy, Anne Kuhn eta Abel Bourgeoisen argazkiak aurkeztuko dira uztailaren 18tik irailaren 13ra Didam aretoan. ‘Lurra eta ura artean, hezegunean zehar bidaia’ Ansoteko museoan izanen da irailaren 27ra arte.

Jaialditik kanpoko emanaldiak

Paseo festibalaren programaziotik kanpo, bestelako ekitaldiak ere antolatu dira. ‘Ibilaldia’ erakusketa izenen da horietako bat, desmartxak hiriko karriketan zehar paseatuz ikus daitezken gune artistiko bereziak deskubritzeko parada emanen du. Toki ezberdinen aurkezpena eginen duen esku-orria uztailaren 20tik goiti izanen da eskuragai. Besteren artean, Space Junk galeriak sortutako Points de vue festibalaren bitartez nazioarte mailan ezagunak diren ‘street art’ artistek egin freskoen zerrenda agertuko da.

Besteak beste, haurrentzako emanaldiak ere programatuko dira, eta tabernariekin elkarlanean ’Terraza festan’ dinamika eginen da.