Amagoia Mujika Telleria

Aspergarria eta garrantzitsua

Amagoia Mujika ona
Amagoia Mujika ona

Atearen behatxulotik begira sumatu zaitut, hanka puntetan, jakin-min handiarekin. «Ez dut ezer ulertzen, postaria da. Atzo ere etorri zen, ‘traigo el voto para Edurne’ esanez. Bizilagunarentzat izango da. Gaur, berriz, ‘traigo el voto para Edurne’. Postariak ekartzen dio botoa Edurneri? Baina botoa ez al zen sobre moduko bat? Ze etortzen da kutxa handi horietako batekin? Eta etxe guztietara joan behar al du? Eta akaso bi egunetan segidan atzo Edurne ez zegoelako etxean? Eta postaria ez bada zure gustukoa eta ez bazaizu gustatzen ekartzen dizun botoa? Gure postari honek euskaraz behintzat ez daki...».

Eskolarik eta udalekurik gabeko zure bizitza berri honetan goizetako martxa deskubritu duzu, postariaren joan-etorriak barne. «Zergatik jotzen du beti gure etxeko txirrina?». Egia.

Zure lehengusu txikiak esan dizu bere ama “presidenta” izango dela igandean. «Ez da enteratzen. Txikia da oraindik. Nola izango da bere ama 'presidenta' oraindik ez badira hauteskundeak izan eta oraindik ez bada erabaki nor izango den lehendakaria? Esan nion, aurrekoan telebistan ikusi genuela debatea eta han ez zela bere ama ageri. Gezurra esango zion amak».

Bai, hautagaien arteko eztabaida elkarrekin ikusi genuen aurrekoan, euskaraz. Interesgarria izan zen, ez eztabaida bera –lehorra–, elkarrekin ikustea baizik. Zuretzat egokiak ez diren programak telebistan elkarrekin ikustea kirol interesgarria da. Lainezaren betaurrekoak jantzi eta telebistako jardunari txorakeriaren prismatik begiratu. Uste dut balio digula begirada kritikoa zorrozteko.

«Ematen du gerrara doazela ama, denak haserre. Baina zein gaizki hitz egiten duen horrek euskaraz! Eta hori zein serio dagoen beti. Dena ondo egiten omen du eta norbaitek kontrakoa esaten badio, haserretu egiten da. Ikastolan badugu horrelako bat, bai... Zergatik esaten du hainbestetan ‘egin’? Horri ‘Egin’ egunkaria gustatzen al zitzaion? Hori zer da superheroien taldekoa? Hori jatorra iruditzen zaigu?». Hauteskunde kanpaina aspergarri hau haur baten begietatik ikustea aukera koloretsua izan da.

Alderdiek ez dute zalaparta handirik atera nahi, kalea ez dagoelako builarako. Herritarrak arnasa eusten bezala igartzen dira, kezkaren zama sorbaldan eta aurrera egiteko nahia hanketan. Urkulluk dena ondo egin omen du, berak gidatutako kudeaketak ez omen dauka zartaturik. Eta harropuzkeria horrek mina ematen du sabelean; ziurgabetasuna, mina eta beldurra pilatzen diren toki horretan. Nola esan dezake hori hain harro eta hain lasai? Dena ondo egin duenak, hobetzeko ezer ez duenak, ez dauka lurrik parean ezer berririk ereiteko. Eta jendarteak behar duena lur berria da, berri-berria.

Akaso olatuaren aurreko barealdi estuan gaude. Akaso belarria lurrera pegatu eta entzun daiteke altxatzen ari den olatua.

Kanpaina arraro honen azken hondarretan, hauteskundeak aspergarriak iruditzen zaizkizula esan didazu. Zein aspergarria dena eta zein garrantzitsua. Zuentzat eta zuekin irauli behar dugun jendarte aldrebes honetan, kexatzeak ez du balio. Kexatzea da dagoen tokirik erosoena eta garratzena aldi berean, kexatzen dena ez baitago gustura. Eta zoriontasuna ez da zorte kontua, zoriontasuna erein egin behar da, lur oparo berri-berrian.