NAIZ
AGOITZ

Gamesaren Agoizko lantegiaren itxiera salatzeko martxarekin bat egin dute eskualdeko alkateek

Agoitz, Artzibar, Aezkoa, Oroz-Betelu, Urroz eta Longida ibarreko alkateek bat egin dute Siemens Gamesako enpresa batzordeak larunbaterako Iruñean deitu duen manifestazioarekin eta bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Agoizko lantegiaren itxiera «deslokalizazio hutsa» dela salatu dute.

Agoizko Udaletxe aurrean egin dute agerraldia eskualdeko alkate eta eragileek. (Iñigo URIZ/FOKU)
Agoizko Udaletxe aurrean egin dute agerraldia eskualdeko alkate eta eragileek. (Iñigo URIZ/FOKU)

Agoitz, Artzibar, Aezkoa, Oroz-Betelu, Urroz eta Longida ibarreko alkateek agerraldia egin dute Agoizko Udaletxearen aurrean, bertako gizarte eta kultura alorreko hainbat eragilerekin, datorren larunbatean Iruñean egingo den manifestazioari atxikimendua adierazi eta herritarrei parte har dezaten deia egiteko. Manifestazioa enpresa batzordeak deitu du eta lanpostuak defendatzea eta Agoizko lantegia ez ixteko aldarrikatzea du helburu.

Eskualde horietako alkateek elkartasuna adierazi diete Siemens Gamesako langileei eta lantegiaren itxieraren aurka daudela nabarmendu dute, izan ere, «deslokalizazio hutsa» dela uste dute. Horregatik, lanpostuak mantetzeko exijitu dute.

Nafarroako Gobernuari eta administrazioei egoera bideratzeko konpromisoa har dezatela eta lanpostuen defentsaren alde egin dezatela eskatu diete. Manu Ayerdi lehendakariorde eta Ekonomia kontseilariarekin dagoeneko bildu direla jakinarazi du Angel Unzue Agoizko alkateak.

«Milioi asko jaso dituzte diru-laguntza eta onura fiskaletan, eta behin lantegia itxiko dutela publiko egin ondoren jakin badakigun arren zaila dela, bere betebeharra da egoera hau lehengora bueltatzea», adierazi du.

«Sukalde lana egiten ari da, berak dioen bezala, ea aukerarik dagoen», erantsi du, nahiz eta onartu duen egoera «konplikatua» dela, «saiatu behar baitu deslokalizazio hutsa denari buelta ematen». Agoizko alkateak ez daki Nafarroako Gobernuak horretarako «nahikoa tresnarik baduen»

Manifestazioa arratsaldeko 18.00etan hasiko da, Iruñean, autobus geltokitik.