Maite Ubiria

‘Xistor’ Haranburuk aurkezturiko askatasun eskaerari buruzko erantzuna, uztailaren 24an

Iragan apirilean kartzelaldiaren 30. urtean sartu zen Frederic ‘Xistor’ Haranburu presoak aurkezturiko hirugarren askatasun eskaera aztertu du gaur Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak. Fiskalak eskaeraren kontra ohiko jarrera hartu ondoren erabakia uztailaren 24an jakinen da. Maritxu Paulus Basurco abokatuak «fiskalak erakutsi duen erabateko blokeoaren estrategia» dela-eta bere arrangura azaldu du.

Joan zen ekainaren 27an zigor luzeak bete dituzten presoen egoera salatzeko Donibane Lohizunen eginiko giza katea. (Guillaume FAUVEAU)
Joan zen ekainaren 27an zigor luzeak bete dituzten presoen egoera salatzeko Donibane Lohizunen eginiko giza katea. (Guillaume FAUVEAU)

Duela urtebete, 2019ko uztailaren 5ean, eman zuen jakitera Parisko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak (TAP, frantsesez) Frederic ‘Xistor’ Haranburuk baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aurkeztu zuen bigarren eskaeraren buruzko behin-behineko erabakia.

Orduan epaileak presoaren eskaera babestu zuen, baina fiskalak helegitea jarri ondoren, dei auzia izan zen irailean. Urriaren 8ean,‘Xistor’ Haranburu kartzelan atxikitzeko erabakia plazaratu zuen Dei Auzitegiak.

Gaur, uztailaren 9an, azken 30 urteak espetxean eman dituen preso senpertarra aske uzteko arrazoiak berriz ere entzun dituzte epaileek.

Maritxu Paulus Basurcok azaldu duenez, Jakes Esnalen aferan berriki finkaturiko irizpidea nabarmendu du saioan. Hain zuzen, Esnalen adinari (69 urte) aipamen eginez, epaileak oharra egin zuen baldintzapeko askatasuna eskuratzea ere ezinezko bilakatu ahal zitzaiola preso lohizundarrari.

Abokatuaren aburuz, «epaileak baldintzapeko askatasunaren balioari buruzko eztabaidari heldu zion, finean onartu baitzuen bata bestearen atzetik dosierrak errefusatu dizkiotenez, presoa heldu dela adin batera kartzelatik ateratzeko eskaera egiteko aukera galtzeko arriskuan dagoela». Arrisku berberaren aurrean legokeela 66 urte bete dituen ‘Xistor’ Haranburu agerian utzi du gaurko audientzian.

Baionako prokuradoreak berak babesturiko eskaera

Hala eta guztiz ere «fiskalak erakutsi duen erabateko blokeo jarrera» dela-eta bere arrangura azaldu du abokatu lohizundarrak.

Defentsak Haranburu aske uzteko xedez inoiz baino txosten gehiago eta argiago aurkeztu ditu gaurko saioan. Are, lehen aldiz Baionako prokuradoreak berak babestu du eskaera.

Ildo beretik espetxe zuzendariak eta beste hainbat administraziotako ordezkariek ere sostengatu dute galdera.

Alferrik. Hala eta guztiz ere, fiskalak ohiko argudioak eman ditu eskaeraren kontra azalduz. Alarma soziala, presoak jarduera armatuari berriz ekiteko arriskua eta bi argudio horien gainean badira 30 urte Xistor Haranbururi egotzi zizkieten ekintzen «larritasuna» goraipatu ditu.

«Egitateen larritasuna ardatz hartuta eta beste ezer ez bada aintzat hartzen behar zaio presoari argiki esan kartzelan hiltzeko erabakia hartua dela» azaldu du Paulus Basurkok, fiskalak «beste guzti-guztiek agertu duten iritziaren aurka harturiko erabateko blokeo jarrera» salatuz.