Ane URKIRI
Donostia

Subrogazioa bermatzea aldarrikatzen dute Zurriolan protestan dauden sorosleek

Duela bi uda akordio batera iritsi ziren udalekin Gurutze Gorriko sorosleak, lan baldintzak hobetu eta subrogazioa bermatzeko. Iaz, baina, BPX enpresari esleitu zitzaien hondartzetako sorospena eta Donostiako Udalak baldintzen plegutik kendu zuen subrogazioa. Aurten, zenbait urtetan sorosle aritu direnak lanik gabe geratu dira.

Jon Ibarguren eta Mikel Yanci, Zurriolan protestan dauden sorosleetako bi. (Gorka RUBIO / FOKU)
Jon Ibarguren eta Mikel Yanci, Zurriolan protestan dauden sorosleetako bi. (Gorka RUBIO / FOKU)

Donostiako Zurriola hondartzan zenbait urtez sorosle gisa aritu direnak protestan daude ekainaren 15etik. Hamabi orduz egoten dira bertan, kanpaldian; goizeko zortzietatik arratsaldeko zortzietara. Azken egunetan txandetan banatzen dira baina hasierako 22 egun guztietan guztiak batzen ziren. Astelehen eta ostegun arratsaldeetan, 20.15ean, Udalaren aurrean egiten dituzte elkarretaratzeak.

Guztira, sei pertsona batu dira aldarrikapen hauek aurrera eramateko, guztiak lanik gabe geratu dira udara honetan nahiz eta esperientziadun sorosleak diren. Zerbitzuaren esleipenean subrogazioaren baldintza pleguetatik kendu izanak eraman ditu egoera honetara.

Jon Ibargurenek, esaterako, azken 5 urteak egin ditu Zurriolako hondartzako segurtasuna zaintzen eta Mikel Yancik hamar urteko esperientzia dauka. Duela bi urte Gipuzkoako sorosleek aurrera eraman zuten greban lehen lerroan egon ziren, lan baldintzak hobetu, materiala handitu eta subrogazioa bermatzea eskatzeko.

Lortu zuten, Gurutze Gorriarekin akordioa sinatu zuten eta Gipuzkoako udalak baldintza hauek pleguetan sartzera konprometitu ziren. Arazoa, baina, handitzen joan da Donostian, protestan dauden sorosleek adierazi dutenez.

Baldintzen pleguetatik kanpora

Subrogazioa baldintzen pleguan sartzera konprometitu zen Donostiako Udala baina greba amaitzean kendu egin zuela deitoratzen dute sorosle hauek. 2019ko zerbitzuen esleipena «urgentziaz» egin eta BPX enpresari eman zitzaion, hondartzetan esperientziarik ez zuen enpresari; hau kiroldegietako eta udal igerilekuen sorospenaren arduraduna da. Gurutze Gorriak ez aurkeztea erabaki zuen, babes soziala bermatzen ez zelako; langileek aldarrikapenik ez egitea, alegia.

Pasa den urteko udaran, aurretik lanean zebiltzan sorosleek lana eduki zuten eta, printzipioz, 2018an sinaturiko akordioa errespetatzeko konpromisoa zegoen. Lanean hasi zirenean, baina, hainbat arazo antzeman zituzten; tartean zeuden Ibarguren eta Yanci.

NAIZi azaldu diote ontziak matrikulatu gabe zeudela eta enpresa pribatu bat izatean, hauek maneiatzeko titulazio berri bat behar zutela. Enpresarengana kexatzera joan eta mehatxuak jaso zituztela ohartarazi dute: «Guk ontzia erabiltzeari uko eginez gero hondartzetako erabiltzaileak erreskatatzeari uko egiten genbiltzala esan eta zerbait gertatuz gero gure erantzukizuna izango zela esanez mehatxatu gintuzten».

Aurtengo udaran, covid-19ak sortutako egoera nahasiagatik ere, zerbitzuaren esleipena urgentziaz egin eta BPX enpresari eman zaio. «Subrogazioa bermatu gabe erraztasunak ditugu kaleratuak izateko», kexatu dira. Gurutze Gorrian aldi baterako kontratuak pilatu dituzte, subrogaziorik gabe, eta hala, ezinezkoa izan zaie hirugarren urtetik aurrera kontratu finko etena sinatzea.

Guztira, lanean segi nahi zuten esperientziadun sei sorosleei ez die deitu aurtengo udaran BPX enpresak, «baina badakigu beste batzuei ere ez diela deitu». Sorosle berri pila bat sartu direla azaldu dute eta zerbitzuarekin hasi behar zuten lehen egunean ezarri zutela arduraduna.

Hipotesia

Beraien ustez, eta enpresako arduradunak hala adierazi dielako, «arazoak sortu» dituztelako ez diete lanerako deitu. Arazo horiek segurtasuna eta legaltasuna exijitzeko kexak izan zirela defendatzen dute Ibargurenek eta Yancik, matrikulatu gabeko ontziarekin zerbait gertatuz gero aseguruaren aurrean babesgabe zeudelako eta, gainera, titulazio gabe zebiltzalako.

Egunero egoten dira Zurriolako hondartzan eta ziurtatu dute jendea hurbildu dela beraiengana, «ezagutzen gaituztelako». Batzuk kexu agertu dira ohi baino espazio gutxiago dagoelako bainurako eta Ibarguren eta Yancik adierazi dute korronteen eraginez askotan lehen aukera bainua debekatzea izan dela.

Kanpaldia egiten dabiltzan lekutik egoera aztertzen dute eta beraiek zenbait kasutan beste neurri batzuk hartuko lituzketela adierazi dute. Ohartarazi dute hondartza edo igerilekuan sorospen lanak egitea ez dela kontu bera eta sorosle berriek ez daukatela, esaterako, Gurutze Gorriak exijitzen zuen hondartzetako modulua.

Bestalde, azaldu dute momentu jakin baterako hondartzetan sorosle gehiago behar izanez gero igerilekuetako lan taldera jotzen duela, egun batetik bestera. 

Mozioa

Aurten lan egitea ezinezkoa zaiela argi dute baina hurrengo urteari begira jarrita daude. Subrogazioa eta lan ikuskaritza egotea beharrezkoa iruditzen zaie eta hori aldarrikatuz aurkeztu dute mozioa Donostiako Udalean, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien babesarekin. Uztailaren 23an egingo da bilkura.

Subrogazioaren kontu honekin, 2018an, greba amaitu eta Udalak pleguetatik kendu zuenean, auzitara joan ziren baina epaiak arrazoia eman zion Udalari.