Donostiarra eta Orio garaile CaixaBank bandera ikusgarrietan

Kontxako badiako urak oso mugituta aurkitu dituzte Eusko Label eta Euskotren Ligetako ontziek, baina poparean egindako lan bikainari esker saria eskuratu du etxeko ontziak gizonezkoetan. Emakumezkoetan, oriotarrek hirugarren garaipena lortu dute eta lidertza asko indartu.

Asier AIESTARAN|11/07/2020
Orio
Orioko neskak, CaixaBank banderarekin (ORIO)

Itsasoaren aurreikuspenak metro inguruko olatua eta ipar haizea aipatzen zuten, ez zuen ematen baldintzak bereziki zailak izango zirenik Kontxako badian CaixaBank banderak jokatzeko, baina uretaratu direnean traineruek sekulako mugimendua aurkitu dute irla paretik kanpora eta estropada ikaragarri exijentea bilakatu da.

Gizonezkoen Eusko Label Ligari dagokionez, Donostiarrak denboraldiko lehen garaipena eskuratu du, gorengo mailan lortzen duen bigarrena, non eta etxean bertan. Igor Makazagaren mutilek sekulako lana egin dute, batez ere bigarren luzean poparean, eta ia bigarren ziabogarako (12 segundoko abantaila) ikusi da bandera etxean geratuko zela.

Hirugarren ziabogan, ordea, Ioritz Orbegozok arazoren bat izan du arraun txikiarekin, eta emozio apur bat eman dio lehiari. Arraun txikia, apurtuta, zintzilik geratu da traineruaren brankan, eta gehixeago sufritu dute azken luzean, baina garaipenak ez die ihes egin.

Ohorezko txandan arraun egion duten beste oilarren artean, sekulako borroka egon da Santurtzi eta Orioren artean. Lehen eta bigarren kaleetatik arraun eginez, garaipenetik urrun geratu dira lan erditarako, baina azken bi luzeetan beraien artean izan duten erronka ikusgarria suertatu da.

Azkenean, "Sotera" ontzia aurretik sartu da 36 ehuneneko tarte ezdeusarekin, baina puntutxo hori nahikoa da Santurtzi sailkapen nagusian lider ipintzeko 32 punturekin, eta Orio bigarren geratuko da puntu bakarrera, hori bai, Donostiarrarekin berdinduta.

Lekittarra eta Zarautz, primeran

Txanda bakoitzak poparean ongien arraun egin duten traineruen lana saritu du, onartuz kanpokaldeko kaleek, hirugarrenak eta laugarrenak, agian abantaila izan dutela. Lekittarra izan da aurreneko txanda sekulako erakustaldia eman duena, bere txanda irabazi eta azken sailkapenean laugarren posturaino igoz (ohorezko txandan irtengo dira bihar Zierbenan). Eta bigarren txandan Cabo da Cruz izan da irabazlea, bere kasuan ere itxura bikaina emanda (sekulako ospakizunak egin dituzte, eta amaieran onartu dutenez ez zekiten Isuntzak denbora hobea egina zuela).

Bi horiekin batera, Zarautz izan da beste irabazle handietako bat. "Enbata" zazpigarren izan da azkenean eta puntu sorta ederra bildu du jaitsiera ekiditeko borroka horretarako. Beste aldean Kaiku aipatu behar da, azken postuan amaitu duelako.

Orio indartsu Euskotren Ligan

Emakumezkoen Euskotren Ligari dagokionez, Oriok hirugarren garaipena lortu du Donostian eta, gainera, sailkapen nagusiko lidertza dezente indartu duela esan behar da. Izan ere, bigarren zegoen Donostiarrak egun txarra izan du gaur eta azken postuan amaitu du.

Txanponaren beste aldean Arraun Lagunak egon da. Galiziako bi jardunaldiertan azkena amaitu ostean, donostiarrek sekulako estropada egin dute gaur eta bigarren amaitu dute, sailkapenari sekulako emozioa emanez.

EUSKO LABEL LIGA

VIII. Caixabank Bandera

1.     Donostiarra    20:53:02
2.     Santurtzi    21:03:92
3.     Orio    21:04:28
4.     Lekittarra    21:14:72
5.     Cabo    21:16:72
6.     Bermeo    21:19:12
7.     Zarautz    21:20:66
8.     Zierbena    21:24:16
9.     Hondarribia    21:25:14
10.     Ares    21:40:50
11.     Ondarroa    21:50:12
12.     Kaiku    22:02:16

Sailkapen nagusia

1.     Santurtzi    32
2.     Orio    31
3.     Donostiarra    31
4.     Bermeo    23
5.     Cabo    20
6.     Zierbena    19
7.     Hondarribia    17
8.     Lekittarra    17
9.     Ares    14
10.     Ondarroa    14
11.     Zarautz    10
12.     Kaiku    6
    
EUSKOTREN LIGA

V. Caixabank Bandera

1.     Orio    11:34:12
2.     Donostia Arraun Lagunak    11:38:92
3.     Hondarribia    11:44:02
4.     Donostiarra    11:45:86

Sailkapen nagusia

1.     Orio    12
2.     Donostiarra    7
3.     Hondarribia    6
4.     Donostia Arraun Lagunak    5

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.