Reportage
 
Duela 25 urte Europa mutu utzi zuen Srebrenicako sarraskiak

Duela 25 urte, 8.000 gizonezko eta gazte bosniar baino gehiago erahil zituzten Bosniako indar serbiarrek Srebrenica indarrez hartu eta gero. Hagan Yugoslavia ohiko Nazioarteko Gorte Penalak jenozidiotzat jo zuen II Munduko Gerraz geroztik Europak ezagutu duen sarraskirik  izugarriena.

Dabid Lazkanoiturburu|11/07/2020
Srebrenica
Mejra Djogazek bi seme galdu zituen sarraskian. Hirugarrena eta senarra hiru urte lehenago, Srebrenicaren aurkako serbiarren bonbardaketetan. (ELVIS BARUKCIC | AFP)

Bosnia ekialdea osatzen zuten herriak, Srebrenica tartean eta guztiak gehiengo musulmanarekin, Serbiaren jo-mugan zeuden Bosniako gerraren (1992-1995) hasiera-hasieratik.

Sarajevoko setioa 1992ko apirilaren 6an hasi eta berehala erori zen Drina ibaiaren bailara osoa, baita ere Serbiako mugatik 15 kilometrotara dagoen Srebrenica, milizia serbiarren eskuetan, Belgradok bidali zituen soldaduen babesarekin.

Bosniako indarrek herriak berreskuratzea lortuko dute baina urte bukaerarako setiopean jarriko dituzte serbiarrek.

1993ko apirilean, eskualdearen erorketa ekiditeko azken saiakeran, NBEak 148 kilometro karratuko enklabea «segurtasun-eremu» izendatzen du eta kasko urdinak bildaliko ditu babes indar gisa. Ordurako 8.000 zibil ihes egin dute eta dozenaka dira bonbardaketatan hildakoak.

NBEak Sarajevon su-etena eta eskualdetik militarrek alde egiteko akordioa lortuko du. Paper hutsa.

1994ko martxoaren 1ean, kostata baina 450 kasko urdin, Herbereetakoak, iritsiko dira eskualdera kanadiarrei erreleboa hartuz.

Bosniarren defentsa posizioei hegoaldetik, ekialdetik eta iparraldetik erasotu ondoren, 1995eko uztailaren 11an, Ratko Mladic generalak gidatzen dituen milizia serbiarrak Srebrenican sartuko dira, Radovan Karadzic letragizonak aldarrikatzen duen «Serbia handia bakarrik serbiarrentzat» leloa errealitate bihurtzeko.

NATOko bi hegazkinek beste hainbeste gerra gurdiei egin dieten erasoa da 1.500 miliziano serbiarrei geldiarazteko saiakera eskaxa eta bakarra.

Ia armarik gabe, nolako aire-sostengu barik, eta 30 bat kide serbiarren miliziek preso hartu ostean, Herbereetako kasko urdinak Potocarira ihes egingo dute. Datozen egunetan,  ihes egiten utzi dizkien milaka eta milaka emakume, haur eta pertsona zahar inguratzen zaizkie mendebaldeko soldaduei laguntza eske.  

Bulldozerrak eta testigantzak

Milizia serbiarrek gizonezkoak, helduak eta gazteak, hartu eta kamioetan eta karruetan sartzen dituzte afusilatzeko. Ehunka dira menditik eta basotik ihes egiten saiatzen direnak baina gehienak harrapatu eta akaatu egingo dituzte.

Hondeatzaileak erabiliko dituzte hobi komunak zulatzeko. Handik hilabete batzutara gauza bera egingo zuten bulldozerrek, baina lurra mugitu eta gorpuak desagertaratzeko asmoarekin.

8.000 bosniar baino gehiagoren gorpuak.

Hala ere, giza eskubideen aldeko erakundeek jasoko dituzten lekukotza izugarriak ez dituzte eskabadoreek lurperatzea lortuko. Uztailaren 17tik aurrera, ihes egin ahal izan dutenek torturen, bortxaketen eta exekuzio masiboen testigantza emango dute.

Urte hartan bertan genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egotziko dizkie Hagako Gorteak Karadzici eta Mladici. Urte asko kalean eman ondoren, Serbiak entregatu eta bizi arteko gartzela zigorra ezarriko zaie. Guztira 51 dira auzi honengatik kondenatuak.

Baina 1995 hartan ere Srebrenicako sarraskia egin zutenen asmoa nolabait bedeinkatu egingo du Nazioarteak. Azaroaren 21ean sinatzen den Daytoneko akordioak gerrarekin amaituko du baina Bosniaren zatiketa onartuko du, serbiar gutxiengoari Republika Srpska (RS) eskainiz.

Gaur arte 6.880 biktimen gorpuak identifikatu eta lurperatu dute gehienak Potocariko Gogoeta Zentroan.

Nazioartearen autokritika

Bosniarrak serbiarren eskuetan uztea leporatu zaio askotan nazioarteko komunitateari. 2000. urtean Kofi Annan orduko NBEaren ordezkari nagusiak, Srebrenica babesteko orduan porrota egotzi zien potentzia guztiei.

Urte bete geroago, Asanblada Nazionalak Estatu frantsesaren erantzukizuna onartu zuen. Paris zen, historikoki, eta eslaviarren arteko elkartasuna beti aldarrikatu duen Errusiaren atzetik, Serbiaren kide estua.
 
Hala ere, Herbeereak izan dira hausnarketa sakonena egin dutenak. Srebrenicaren sarraskiaren inguruko ikerketa bat kaleratu ostean gobernuak dimititu egin zuen 2002an.

2014an,  Potocarin babesten saiatu ziren 350 bosniarren hilketagatik erantzukizun zibila onartu zuen Herbereetako Estatuak. Hala ere, 2019an, Gorte Gorenak erantzukizun hori ez dela guztiz frogatu azaldu zuen.

Galde diezaiela han bertan zeuden kasku urdinei. Dave Maat 19 urteko soldadua zen kasku urdin moduan bertara bidali zutenean. Berari eta beste soldadu batzuen aitorpenari esker onartu du Estatuak erantzukizuna. Hala ere, guztia ahaztea baino ez du nahi. «Ez dut berriro ere gertatu zena kontatu nahi, ez dut nahi berriro ere hortik pasatzea, gogoratzen dudanean oso gaizki sentitzen naiz, sentitzen dut».

Zer sentitzen dute biktimen senideek?

Fatima Mujic-ek egunero askotan errepikatzen du hildakoen otoitza, erahil zuten bere senarraren eta bi semeen omenez. Gazteena, 16 urte zituen Nufik, serbiarren hatzaparretatik askatea lortu zuen, ez du gogoratzen nola, kasku urdinen aurpegian atzeman zutenean.

Baina benetan hunkitzen eta eskuak dardarka jartzen dizkiona Refik (25 urte) bere seme zaharrenaren patua da, sekula ez baitute aurkitu. «Besteena badakit, baina berea? Inon bizirik jarraitzen duela pentsatzen dut. Bere gorpua noiz aurkituko esperantzak mantentzen nau bizirik», dio 75 urteko andreak.

Nurija Mehmedovic ere Potocariko Gogoeta-Zentroaren ondoan bizi da. Leihotik ikus ditzake senarra eta bere anaietako bat lurperatuta dauden kanposantuaren hilarri zuriak.

«Nere ama, ahizpak eta beste hiru anaik Potocaritik irten ahal izan genuen Srebrenica erori zen biharamunean. Aitak eta hiru anai zaharrenek ihes egin zuten basotik», gogoratzen du orduan 12 urte zituen emakumeak.

«Hiruetatik bik ihes egin ahal izan zuten. Aitak eta hirugarrenak ez, ordea, Hobi komun batean aurkitu genituen gorpuak».

«Neretzat leku sakratua da hau. Hemen bizitzera itzuli garenok eta joateko planik ez dugunok Potocariko zaindariak gara», dio amaitzeko.

Smail Ibrimovicek, egun 50 urte dituen gizonezkoak, zorte handiagoa izan zuen,  mendiak zeharkatuz aske zegoen Bosnia iparraldera iritsi ahal izan zuelako.

«1.200 ginen irtetzean. Beldur nintzen Urdc mendira iritsi arte. Handik aurrera ez, inor baino hobeto ezagutzen nuelako leku haiek».

Sei egun behar izan zituzten 70 kilometrotara zegoen Tuzla hirira iristeko, egunez ezkutatu egiten zirelako eta gauez bakarrik ibiltzen zirelako, egunero 8-9 ordu.

Hala ere, hasi ziren asko harrapatu zituzten, tartean bere aita eta anai bat. «Hamar urte geroago aurkitu nituen gorpuzkiak Zvornitik gertu (Srebrenicatik Tuzlara erdi-bidean)».

Mejra Djogazek, 71 urte dituen alarguna bera ere, duela 25 urte bere bizia «gelditu zen» unean hil arte irautea erabaki du. Bertan dauden Omer et Munib sarraskian erahildako bere semeen gorpuak hilobiratuta dauden ondoan. «Ez dut bizitzen jarraitzeko arrazoirik bilatzen». Bere senarra eta hirugarren semea, Zuhdija, Srebrenicako setioan hil zizkioten 1992an.

«Inori ez zien kalterik egin, ezta inurri bati ere. Zergatik hil zituzten, gure auzotarrak izanda», galdetzen die aurrez aurre ez dituen serbiarrei.

Ramiza Gurdicek (67 urte) badu ere galdera bat bere semeak, Mehrudin (17 urte) eta Mustaphah (20), eta bere senarra erahil zutenentzat.  «Ba al zuten seme-alabarik? Nolakoa da beraien arima?».

Mehrudinen gorpu erdia baino ez zuten aurkitu. «Bere amak ez zuen mundura ekarri buru eta besorik gabe. Bazituen eta mutil ederra zen», dio negarrez. Aitarejkin mendira ihes egiten hasteko zirenean, Mehrudin mutu zegoen eta ez zuen ama agurtu. Mustaphahk bai, «ama, ez zaituk berriz ikusiko», esan zion urduri. Arrazoia zuen.

Hala ere, Gurdic andreak ez du gaitzik nahi bere senar-semearen borreroentzat. «Jainkoak eman diezaiela merezi dutena. Gorrotoa ez, baina elkarkidetza sekula santan».

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.