Matxinada orokorra apaltzen saiatzen ari da Maliko presidentea

Maliko presidenteak, Ibrahim Boubakar Keitak, Auzitegi Konstituzionala desegitea onartu du herrialdeak bizi duen matxinada eten asmoz. Oposizioak 30 bat hautes-barrutietan emaitzak legegabetuz iruzurra egotzi dio apirileko bozetan eta desobedientzia kanpaina hasi du.

Dabid Lazkanoiturburu|12/07/2020
Mali
Barrikadak Bamako Maliko hiriburuan. (Michele CATTANI/AFP)

Maliko presidenteak, Ibrahim Boubakar Keitak, Auzitegi Konstituzionalaren desegitea iragarri du, oposizioaren exijentzia baten aurrean amore emanez.

Bezperan gogor hitzegin zuen, «segurtasuna mantentzeko inolako ahuldaderik» ez duela erakutsiko mehatxatuz.

Joan den ostiralean, oposizioak desobedientzia zibila hastera deitu zuen eta milaka eta milaka manifestari kalera atera ziren presidentearen dimisioa exijituz.

Gobernuak oposizioaren bozeramaileen atxiloketekin erantzun zuen eta jendeak Asanblada Nazionalean eta Estatuko Telebistaren egoitzan sartu eta bulegoak eta instalazioak hautsi zituen.

Poliziak tiroka aterarazi zituen manifestariak eta gutxienez hiru hildako eta dozenaka zauritu eragin zituen. Lekuko batzuek ziurtatu dutenez, hildakoak gehiago dira.

Bitartean, protestak beste hiri eta herri batzuetara zabaldu dira.

Presidenteaz gain, Auzitegi Konstituzionala du oposizioak jomugan, martxoa-apirila arteko hauteskundeetan oposizioak irabazi zuen 30 bat hautes-barrutietan emaitzak indargabetu zituelako.

Telebistako agerraldian, azken hilabetean laugarrena, 9 epaileak idendatzeko dekretuak bertan behera utziko dituela iragarri du.

Oposizioan koalizio anitza

Agintari erlijiosoak, politikariak eta gizarte zibilaren ordezkariak, Salif Keita abeslari ezaguna tartean, osatzen duten taldea anitza da.

Dena den, oihartzun handiena Mahmoud Dicko imamak du eta Gobernuak matxinadaren buru bera dela dio. Ostiralean atxilotzen saiatu ziren bere meskitan baina jarraitzaleek Poliziari aurre egin zioten, hainbat tiroz zauritu bazituzten ere.

Matxinadaren bozeramaileak diren Issa Kaou Djim eta Clement Dembele atxilotutakoen artean daude.

Gobernuak epaile berriak berehala izendatzeko asmoa du aipatu barrutietan legebiltzarrerako hauteskundeak errepikatzeko. Keita presidenteak (IBK) 2013an lortu zuen kargua eta 2018an presidentzialak irabazi zuela erabaki zuen Konstituzionalak berak. Parlamentuan gehiengoa beharrezkoa du boterean jarraitzeko.

«Kalean jarraituko dugu IBKren erregimenarekin amaitu arte, Mali osoarentzat minbizia delako», iragarri du Kaou Abdramane Diallok, oposizioaren bozeramaileak.

Mugimenduak munduko herrialderik txiroenetarikoan dagoen egonezari bide ematen dio. Estatua ez da gai segurtasuna bermatzeko eta yihadismoa jaun eta jabe da iparraldean eta erdialdean. Ekonomia kaos bat da eta erakunde guztiak ustelkeriaz gainezka daude.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.