naiz

Kimuak programan parte hartuko duten zazpi filmak aukeratu dituzte

‘Barbudos’, ‘Dar dar’, ‘Ehiza’, ‘El ruido solar’, ‘Interior taxi noche’, ‘Quebrantos’ eta ‘Ya no duermo’ dira katalogo berria osatuko duten film laburrak, 72 proposamenen artean aukeratutakoak.

‘Ya no duermo’ filmaren fotograma bat. (NAIZ)
‘Ya no duermo’ filmaren fotograma bat. (NAIZ)

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako eta Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatutako Kimuak programaren 23. edizioan banatuko den film labur sorta ezagutzera eman dute gaur.

Aurkeztutako 72 proposamenak aztertu ostean, honako film laburrak aukeratu dituzte: ‘Barbudos’, Tucker Davila Wood eta Larry Mankusorena; ‘Dar dar’, Paul Urkijorena; ‘Ehiza’, Hauazkena Taldearena; ‘El ruido solar’, Pablo Hernandorena; ‘Interior taxi noche’, Iban del Campo eta Silvia Reyrena; ‘Quebrantos’, Maria Elorza eta Koldo Almandozena; eta ‘Ya no duermo’, Marina Palaciorena.

Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Michele Driguez –Montpellierreko CINEMED Mediterraneoko Zinema Jaialdiko film laburren saileko arduraduna–, Alfonso Lopez –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea–, Dora Marti –Valentziako IVAC Kultura Institutuko ikus-entzunezko sustapeneko eta Curts Comunitat Valenciana film labur katalogoko arduraduna–, Jose Luis Rebordinos –Donostia Zinemaldiko zuzendaria– eta Nekane E. Zubiaur Gorozika –Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea–.

Katalogo berriak animazioa, dokumentala eta forma ezberdinetako fikzioa jasotzen ditu. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, bi gaztelaniaz, bat ingelesez eta gaztelaniaz eta beste bat ingelesez. Azken batek, animaziozkoak, ez dauka dialogorik.