Donostiako Parte Zaharrean eskopeta batekin oihuka zebilen gizon bat eraman du Ertzaintzak

Donostiako Parte Zaharreko terraza batean gizon bat oihuka aritu da asteartean honetan arratsaldean, mahai gainean eskopeta bat zuela. Ertzaintza agertu da kalea itxi eta negoziatzera, eta azkenean jarreraz aldatu da gizona eta eraman egin dute. Anbulantzian azterketa medikua egin diote, eta horren ostean ospitalera bideratu dute.

naiz|14/07/2020
Donostia_arazoak
Donostiako Kale Nagusia, Ertzaintzako agenteek itxita.

Ertzaintzak Donostiako Kale Nagusia itxi du gaur arratsaldean, Parte Zaharrean. Kale horretan, gizon bat etxebizitza bateko terraza batean zegoen, oihuka, eskopeta bat terrazako mahai gainean zuela. Harekin hitz egin ondoren, pertsona lasaitu egin da, eraman egin dute eta ospitalean artatuko dutela jakinarazi dute, buruko arazoak edo bestelakoak ote dituen zehazteko.

Herritar batzuk Kale Nagusira gerturatu dira gertatutakoa ikustera, baina ezin izan dute Ertzaintzak itxi duen eremutik pasa, prebentzio gisara.

Lakuako Gobernuko Segurtasun sailak berri agentziei ohar baten bidez adierazi dienez, gizon hau arratsaldeko 17.15 inguruan zegoen Donostiako Kale Nagusiko terraza batean, oihuka hasi eta istilua sortu duenean. Itxuraz, gizonak ez du eskopeta erabili.

Hara joandako Ertzaintzako agenteek ohartarazi dute terrazan kokatutako mahai baten gainean eskopeta bat zuela.

Eremua itxi eta herritarrei sarrera galarazi ostean eta badaezpada anbulantzia bat azaltzea eskatu dutenean, agenteak gizonarekin hitz egin dute, eta honek bere jarrera utzi eta entregatu egin da inori min egin gabe. Horren ondoren, gizonak arreta medikoa jaso du anbulantzian.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.