NAIZ

Bilboko Koral Elkarteak ‘Maitena’ pastoral lirikoa berreskuratuko du

Euskal ondare lirikoaren berreskurapena sustatu nahi du Bilboko Koral Elkarteak. Eskuizkribuak argitaratzea eta diskoak grabatzea ekarriko du horrek. ‘Maitena” izango da lehena. BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta inguruko artistek bat egin dute ekimenarekin.

‘Maitena’ euskal obra lirikoaren kartela. (@sdadcoralbilbao)
‘Maitena’ euskal obra lirikoaren kartela. (@sdadcoralbilbao)

Iñigo Alberdik, Bilboko Koral Elkarteko kudeatzaileak, ‘Maitena’–ren garrantzia azpimarratu du, Bilboko Koral Elkarteak estreinaturiko opera zerrenda oparoan lehena izan zelako. «Ahanzturan eroria eta obra txikitzat joa, euskal operaren giltzarri hau fina da oso. Urruntze-aldi baten ostean, berriz ere etxean dugu», adierazi du.

Lakuako Gobernua, Bizkaiako Diputazioa eta Petronor Innovación–en babesarekin burutuko da egitasmoa. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren esanetan «gure kultur ondarea ikertu, berreskuratu, kontserbatu eta zaintzeaz gain, hedatu egin behar da. Gure ondarea zabaltzeko gai izan behar dugu. Ekimen honi esker, euskal gizarteak duela mende bat baino gehiagoko euskarazko pastoraltza lirikoa ezagutzeko aukera izango du. Zalantzarik gabe, albiste bikaina da», adierazi du.

Elias Unzueta, Petronor Innovación-eko kudeatzaileak zera esan esan du: «operak sustrai sakonak ditu gurean, gizartearen babes eta zaletasunak ahalbidetzen dituen horietakoak. Zer hobe, beraz, berau euskaratik landu eta zabaltzea baino. Opera gurera ekartze hori garenarekin eta gure nortasun ikur nagusiarekin uztartzea urrats aberasgarria da, onespenaz gain bultzada merezi duena».

XX. mendearen hasieran, Bilboko Koral Elkarteak hainbat euskal konpositore esanguratsuri eskaera egin zien, euskarazko errepertorio lirikoa sortzea helburu. Genero horretako lan adierazgarrienen artean daude Jose Maria Usandizaga, Charles Colin, Santos Intxausti eta Jesus Guridiren lanak ditugu, hala nola ‘Mendi-Mendiyan’, ‘Maitena’, ‘Lide ta Ixidor eta Mirentxu’.