naiz

Tolosa, Getaria eta Zarauzko erresidentzietan irteerak aldi baterako itxiko ditu Aldundiak

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakitera eman duenez, Tolosako Iurreamendi eta Uzturre, eta Zarauzko Santa Ana egoitzetako irteerak aldi baterako itxiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Halaber, Uzturre eta Getariako eguneko zentroak aldi baterako itxiko ditu.

Tolosako Iurreamendi erresidentzia. (Jon URBE/FOKU)
Tolosako Iurreamendi erresidentzia. (Jon URBE/FOKU)

Erabaki hau egoitzetako talde arduradunekin koordinatuta hartu dela ziurtatu du Peñak. Bestalde, diputatuaren esanetan, egoitzetako bisitak «prebentzio eta segurtasun neurri guztiak zorroztuz» egingo dira.

Diputatuak gogorarazi duenez, Iurreamendi egoitzan pasa den astelehenetik irteerak etenda daude, bertan bizi baitira orain Ordiziako San Jose egoitzako erabiltzaile asko eta birmoldaketa lanak egiten ari dira bertan. «Tolosako eta Zarauzko zentroetan etenaldi horiek denboran luzatuko dira, eta egoera epidemiologikoak ahalbidetzen duenean berrartuko dira», azpimarratu du Maite Peñak.

Era berean, jakinarazi du Goierriko eta Tolosako egoitzetan ez dagoela covid-19an positibo eman duen erabiltzailerik, erabiltzaileei eta zentroetako langileei PCR probak egin ondoren jakin ahal izan dutenez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, DYArekin lankidetzan, 940 PCR proba egin ditu pasa den asteartetik, Osasun Sailak Ordizian atzemandako covid-19 agerraldia ezagutu ostean, eta diputatuak esan du guztiak negatiboak izan direla. Probak honako zentro hauetan egin dira: Beasaingo Arangoitin, Lazkaoko Txindokin, Segurako San Juanen, Zumarragako Argixaon, Legazpiko Santikutzen, eta Tolosako Iurreamendin eta Uzturren. Maite Peñak gaineratu du datorren astetik aurrera gauza bera egingo dela Zarauzko egoitzan.

Zehaztu du, halaber, neurrien helburua dela «birusaren eraginen aurrean ahulenak diren pertsonen ongizatea zaintzen jarraitzea».