Jon Ormazabal

Aitor Zaldua, su motelean ondutako erremontistaren debuta

Ia 30 urterekin emango du, larunbat honetan, profesionaletarako jauzia Galarretan, hiru urte gazteagoa den bere anaia Ibonekin bikotea osatuz.

Aitor Zaldua Oriamendiko kamiseta soinean duela. (ORIAMENDI)
Aitor Zaldua Oriamendiko kamiseta soinean duela. (ORIAMENDI)

Galarretaren 50. Urteurreneko txapelketako finalaz gain, larunbateko erremonte jaialdiak badu beste arreta puntu bat, hirugarren partidan Aitor Zalduak profesionaletarakoa jauzia emango baitu, bere anaia Ibonek lagunduta Urrutia II.a-Arruarteren aurka jokatuta. Gauden egoera eta gariotan, edozein debut da berri ona eta Donostiako aurrelariaren kasuan baita bitxia ere, ia 30 urterekin emango baitu pilotari orok amesten duen jauzia.

Bere ibilbidea ere erabat desberdina izan da. «Erremontearen aurretik futbolean jokatzen nuen. Ondoren Leonen Jarduera fisikoa (IVEF) ikasi nuen eta han ere futbolean aritzen nintzen. Behin ikasketak amaitu eta etxera bueltatu nintzenean futbola utzi egin nuen. Oso kirol zalea naiz eta anaiak –ordurako debuta egina zuen– erremontea probatzeko esan zidan. Egiari zor, behin probatuta harrapatu egin ninduen. Saskiak egiten duen soinu hori zoragarria da eta pixkanaka jokatzen hasi zintzen inongo helbururik gabe, zaletasun hutsarekin. Helburua afizionatu bezala jokatu eta hobetzen joatea zen», azaldu du Oriamendiri eskainitako elkarrizketa batean. 

Berandu, orain dela sei bat urte, 23-24 urte zituela izan zuen lehen kontaktua zestoarekin eta hasiera ez zen erraza izan. «Sorbaldan arazotxo bat izan nuen eta ebakuntza bat egin behar izan zidaten. Gehiago ez nuela jokatuko pentsatzen nuen, baina behin ebakuntzatik irtenda gutxika hasiko nintzela erabaki nuen. Honela, entrenamenduetan gero eta hobeto sentitzen nintzen. Estutu nuen eta orain arte jarraitu dut».

Oriamendiko eskola

Bidea Oriamendiren pilota eskolan egin du aurrelariak eta Hernaniko enpresarekin emango du jauzia. «Oriamendiko eskolan, Galarretan, hasi nintzen. Endika Barrenetxea izan zen lehendabiziko maisua eta ondoren asko ibili naiz Ansa eta Goikoetxearekin. Azkenengo hilabeteetan beraiekin entrenatu dut. Debutatuko nuenik ez nekien, ilusioa baneukan, baina ez nekien ezer ere ez», aitortu du.

Bere aurrelari ezaugarrien inguran galdetuta, donostiarrak argi du ez dela «kolpeko aurrelaria, baina nahiko azkar mugitzen naiz aurrean. Abiadura da nire dohain nagusia. Ez naiz defentsan gaizki aurkitzen eta erasoan motelagoa naiz, jokaldia egitea gehiago kostatzen zait».

Debutak beti dira bereziak, zer esan ia 30 urterekin eta anaia alboan dela egiten bada. «Emozio handikoa izango da, oso polita da berarekin debutatzea. Hiru urte gazteagoa da eta berari esker hasi nintzen erremontean. Kirola asko gustatzen zitzaidala eta animatu ninduen. Txikitan ere frontoian gurasoekin eta berarekin egoten nintzen eta probatzeko pausoa berari esker eman nuen. Pozgarria da».