NAIZ

Biga Bai: «Errektoretzak Hiriburun hartu erabakia oso kaltegarria da euskararen irakaskuntzarentzat»

Eskola publikoaren elebidun sareko gurasoak ordezkatzen dituen Biga Bai elkarteak bere kezka azaldu du gaur Hiriburuko Baste Quieta eskolan «%100ean euskaraz» esperimentazio egitasmoa martxan jartzeko deliberoari Bordeleko Akademiak ezarritako traba dela-eta. Ipar Euskal Herriko 19 herritan martxan dagoen ereduak emaitza onak ematen dituela «frantsesean eta beste edozein ikasgaietan» nabarmendu du elkarteak.

 Biga Bai, Seaska eta Euskara Geroanen protesta bat, 2017an, Donapaleun. (Naiz)
Biga Bai, Seaska eta Euskara Geroanen protesta bat, 2017an, Donapaleun. (Naiz)

Biga Baik kezka handiz hartu du Hiriburuko Baste Quieta ikastetxe publikoak, zehazki ama-eskolan, euskarazko murgiltze eredua plantan emateko hartu zuen deliberoa trabatzeko Bordeleko errektoretzak hartu berri duen erabakiaren aurrean.

Hiriburun soilik ez, aurrera begira ere esperimentazio ekimen berriak martxan jartzea ez duela onartuko aditzera eman du Bordeleko Errektoretzak.

«Kolpe bortitza da euskararen irakaskuntarentzat» iradoki du Biga Baik. Era berean, Ipar Euskal Herriko 19 eskoletan martxan dauden esperimentazio egitasmoek «argi erakusten dizkigute burasoeri sistema ona dela, funtzionatzen duela, eta ez duela batere eragin txarrik haurren emaitzetan, dela frantsesean edo edozein ikasgaitan» nabarmendu du elkarteak.

Alderantziz, Biga Baik azaldu duenez, «haurrak denbora osoan euskaraz eskolatuak direlarik, biziki fiteago eta hobeago menperatzen dute hizkuntza, errexkiago komunikatzen dute eta zailtasun gutiago dituzte ondotik ibilbide oso baten  elebidunean segitzeko».

Murgiltze eredua bultzatzeko hautua egin beharrean Bordeleko Akademiak hartu duen erabakia «fermuki salatu du» elkarteak «oso kaltegarri delako euskararen irakaskuntzarentzat».

«Ikusiz zein diren jokoan diren erronkak euskararen transmisioarentzat, murgiltze esperimentazioen kontra doan Hezkunde Nazionalaren politika onartezina da» adierazi du ohar baten bidez Biga Baik.

EEPk gutuna idatzi dio Blanquer ministroari

Atzo arratsaldean Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) osatzen duen erakundeetako ordezkariek agerraldia egin zuten Baionan Baste Quieta eskolan Bordeleko Akademiak hartu duen erabakiaren larritasunaz oharrarazeko.

EEPk Lapurdiko hiriburuan duen egoitzan deituriko prentsaurrekoan erakundeko buru den Beñat Arrabit izan da, bere ondoan, besteak beste, Hiriburuko auzapeza, Alain Iriart, zuela.

Biak ala biak euskarazko hezkuntza garatzeko Bordeleko Akademiak ezarritako oztopo berria dela-eta kexu azaldu ziren eta Baste Quieta ikastetxean bultzaturiko egitasmoari ezarritako traba altxatzea galdegin zuten.

Eskualdea eta Departamendua ordezkatuz Mathie Berge egta Benedicte Luberriaga izan ziren hurrenez hurren prentsaurreko horretan. EEPko ordezkariek gutuna igorri diote frantziar Hezkuntza ministroari, Jean Michel Blanquerri, bilera egiteko eskatuz. Erantzunaren zain daude.

Bihar Euskal Elkargoko biltzarra bilduko denez, asanblea horretan mozioa aurkezteko asmoa azaldu zuten.