NAIZ

Samina eta esker ona adierazi dute euskal jendarteak, kulturak eta politikak Torrealdairen heriotzean

Euskal politikak eta kulturak, bereziki euskaltzaletasunak, atsekabea adierazi dute Joan Mari Torrealdairen heriotzaren berri jakin denean. Esker oneko mezuak ere ez dira falta izan.

Joan Mari Torrealdai, 2014ko ekainean. (Jon URBE/FOKU)
Joan Mari Torrealdai, 2014ko ekainean. (Jon URBE/FOKU)

Joan Mari Torrealdaik euskarari eta euskalgintzari egindako ekarpenaren oroitzapena, eta ‘Euskaldunon Egunkaria’ren itxieraren ondoren jasandako tortura eta espetxeratzea, bere heriotzagak eragin duen atsekabearen erakusgarri izan dira. Heriotzaren berri izan bezain laster erreakzio ugari izan ziren.

Euskaltzaindiak «euskaltzale sutsu eta nekaezin» bezala gogoratu du, «liburugintzan eman zituen orduak eta egunak» eta «euskarak jasan dituen bidegabekeriak ikertzen eta salatzen eman zuen» denbora azpimarrratu du. Besteak beste, Francoren zentsurari buruzko saiakera zorrotzak aipatu du.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975ean eta euskaltzain oso 2007an. Euskaltzain emeritua zen 2017tik.

Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi duenez, «bere lan nekaezina eredugarria izan da euskalgintzan. Euskal kulturaren sustatzaile eta defendatzaile aparta izan da. Azalean baino, sakon, zehatz eta goi mailan jokatu du, eta gure hizkuntzaren adarretatik hainbatetan berritzaile izan dugu».

«Berba batez esateko, jakintzatik ekintzetara joaten jakin izan duen euskaltzale aparta izan da Torrealdai», gaineratu du.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren esanetan, «itzal handiko intelektuala izan da, eta 60 urtez bere lana, jakinduria eta ekiteko gaitasuna eman dizkio euskara eta euskal kulturari. Ekarpen erraldoia egin zuen, eta hutsune handia utzi du».

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak «tristura eta saminik sakonenak» adierazi ditu, eta euskalgintzaren alde eginiko lan eskerga goraipatu du.

Torrealdaik, 2018 urtean, Jakin Taldeko kide gisa, Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuela gogoratu du. «Euskara eta euskal gizarteari izugarrizko ekarpena egin dio bere bizitza osoan zehar, asko zor diogu, eta berak marraztutako bidean jarraituko dugu lanean: gizarte euskaldunago eta berdinzaleago baten alde», gaineratu du.

«Galera izugarria  euskarak, euskal kulturak, kazetaritzak, herri honen askatasunaren aldeko borrokak.  Joan Mari Torrealdai. Laguna. Adiorik ez», idatzi du Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak.

Sortu alderdiak horrela gogoratu du ere: «Euskaltzalea, herrigilea, ekarpen kolosala egin dio Euskal Herriari. Egunkariaren aurkako operazioan Guardia Zibilak bortizki torturatu zuen. Horri egotzi zion bere gaixotasuna. Adiorik ez!».

EAJren EBBko presidenteak, Andoni Ortuzarrek, honako mezuarekin esan dio agur Torrealdairi: «Euskarak, aberrigintzak eta euskal gizarteak galera izugarria jasan dute. Aberri hau maite dugun guztiok faltan botako zaitugu, Joan Mari».

Denis Itxaso, Gobernu espainoleko ordezkaria EAEn euskaltzain, kazetari eta soziologoa gogoratzean 'Euskaldunon Egunkaria'ren sortzaile eta buru,2003an espetxeratua izan zen auzitegi nazionalak geroago errugabe zela onartu zuen arren. Gure begirune osoa zor diogu» idatzi du Twitteren.

«Itzal haundiko gizona hil da... Joan Mari Agur eta Ohore!», adierazi du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak.

«Euskalgintzaren balioak islatu dituen pertsona izan da Joan Mari Torrealdai. Eskerrik asko egin duzu lan eskergagatik eta beti erakutsi duzun gogo eta indarragatik», adierazi du Kontseiluak.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek mezu hau argitaratu dute Twitterren: «Euskal Kulturgintzan eta euskalgintzan sentituz, pentsatuz eta ekinez sudurgorriontzat ere itsasargia eta laguna izan dena. Gure irri, kantu, amets eta abentura guztietan eramango zaitugu! »

«Bihotzez eskertzen dizugu, Joan Mari, euskarari gizartean dagokion lekua emateko egindako lan eskerga, ardura eta ausardia. Maitasunetik eta mirespen sakonetik, dolumina eta besarkada beroa familiari», adierazi du PuntuEUS Fundazioak.

«Amestu zenuen Euskal Herri euskalduna lortu arte zure lekukoari helduko diogu euskaltzaleok», adierazin du Euskal Herrian Euskaraz erakundeak.

«Euskara eta Euskal kulturaren alde egin duen lan guztia eta pertsona bezala izan duen kategoria. Joan Mari Torrealdai, ezinbestekoa. Biba zu, Joan Mari. Ez zaitugu ahaztuko», adierazi du Karmele Jaio idazleak.

«Bidaia on Joan Mari, Eskerrik asko denagati», idatzi du, bere aldetik, Rafa Rueda musikariak.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere Torrealdairen eredua goraipatu du: «Esana zenuen, Joanmari, zeure eskarmentuko lezio nagusia esaldi labur batek bil dezakeela: Ezina ekinez egina. Zure eredua bideargia euskaltzale guztiontzat, Eskerrik asko! adiorik ez!».

Jasan zuen espetxeratzea gogoratu du Jon Maia bertsolariak: «Espainiako justiziak eragin zizuna ezin baliogabetu. Zuk emandako guztiaren balioa berriz, neurtezina da Joan Mari. Herri egin gaituzu».

Onintza Enbeita bertsolariak, honakoa adierazi du: «Muxubat gaur Urdaibaitik infinitora; euskaraz, herriarentzat, euskarari, herriari, zeuri, Juan Mari Torrealdai».

«Gaztetik adiskide, euskalduntasunean eredu eta langile nekagabea», gogoratu du Mariasun Landa idazleak.

«Begirunea, handia. Miresmena, izugarria. Baina esker ona… Sentitzen dudan esker ona ez da lerro hauetan kabitzen. Eskerrik asko, Joan Mari. Gugan zaude», adierazi du Imanol Murua kazetariak.

«Ohorea izan da, Joan Mari, denbora laburregian izan bada ere, aulkikide izatea. Eta segituko dut bion aulkia zaintzen, zu ere hemen egongo zara eta, beti gurekin», esan du Miriam Urkia euskaltzain osoak.

Kataluniatik, David Fernandez kazetari eta CUPeko diputatu ohiak ere bere dolumina adierazi du hitz hauekin: «Hitza geratuko zaigu, Joanmari. Bon viatge, lagun».