naiz

Siemens Gamesa Aoizeko Enpresa Batzordeak itxieraren aurkako 18.427 sinadurak erregistratu ditu

Gaur amaitu da San Lorenzo elizan langile talde batek egindako 24 orduko itxialdia/baraualdia. Azken bi asteetan zehar, Agoizko lantokia ixtearen aurkako herritar nafarren sinadurak biltzen aritu dira langileak eta gaur Nafarroako Parlamentura eraman dituzte.

Siemens-Gamesako langileek lortutako sinadurak Parlamentura eraman dituzte. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Siemens-Gamesako langileek lortutako sinadurak Parlamentura eraman dituzte. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Agoizko Siemens Gamesa lantegiko enpresa batzordeak enplegua mantentzeko eusteko borrokan jarraituko duela adierazi du. Ohar batetan azaldu dutenez, atzo langile talde bat San Lorentzo elizan sartu zen 24 orduz baraualdi bat egiteko asmoarekin, euren lanpostuak defendatzeko helburuarekin.

Gaur langileek Nafarroako Parlamentura eraman dute euren borroka, azken bi asteotan jasotako 18.427 sinadurak entregatzeko (13.336 paperean eta 5.091 digitalean). «Nafarroako gizartearen babesa eta inplikazioa erakusten dute sinadura horiek, Iruñean eta Agoitzen egin diren manifestazio handietan gertatu zen bezala», adierazi dute.

«Orain klase politikoaren txanda» dela esan dute langileek, alegia, «hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta lantegian lan egiten duten 239 pertsonei alternatiba bat eskaintzeko unea da».

Bestalde, langileek eskerrak eman nahi dizkiete gaur eta aurreko egunetan elkartasuna adieraztera hurbildu diren guztiei. «Eurak ere funtsezkoak dira borroka honetan, eta beste behin, argi eta garbi adierazi nahi dute Siemens Gamesa Aoiz ez dela itxiko».

Langileek ekainaren 30ean jakin zuten, prentsaren bidez, enpresak ixteko intentzioa zuela. Horrek, 239 pertsonek lanpostua galtzea eragingo luke.