Imanol Carrillo

Agirre-Eskiroz, Promozioko Binakako txapeldunak

Gaur gorriz jantzitako pilotariek eraman dute Bigarren Mailako Binakako Txapelketa, Iruñeko Labriten, partida gogor batean, Peña II.a eta Erasunen aurka 22-20 irabazita.

Asier Agirre eta Josu Eskiroz, garaikur eta txapelekin. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Asier Agirre eta Josu Eskiroz, garaikur eta txapelekin. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Ez da denek espero zuten finala izan, askotan gertatzen den bezalaxe. Huts asko, gehiegi –20 zenbatu ditugu lau pilotrien artean, eta sakez faltako beste bat Peñak egin duena–, egon dira Iruñeko Labriten jokatutako Promozioko Binakako Txapelketako finalean. Hala ere, Asier Agirre –bere hirugarren finalean, bigarren txapela bereganatu du 25 urteko aurrelari iruindarrak– eta Josu Eskiroz pozik joan dira etxera Peña II.a-Erasun bikoteari 22-20 irabazita eta txapelak eskuratuta.

Gorriak momentu oro joan dira aurretik markagailuan. 4-0 aurreratu dira ziztu bizian, gehienbat urdinek egindako hutsengatik. Aipatzekoa da, zentzu honetan, 1-0ekoa, bikote urdina ez baita elkarren artean ulertu eta pilota bien artean pasatu da. Hasiera hori markatuko zuen ondoren neurketa, hutsez betetako finala izan baita.

Urdinek launa eta bosna berdintzea lortu dute, baina Agirre-Eskiroz aurretik ipini dira berriro 6-5ekoan. Oso tanto ederra izan da, aurrelariak zabalean dejadaz amaitutakoa. Hortik aurrera ondoren txapeldunak izango zirenak aurretik joan dira markagailuan.

16-10arekin –beste tanto eder bat izan da, Agirrek bi paretekin amaitutakoa– bazirudien gorriek lanak erdi eginak izango zituztela. Baina ez da hala izan. Eskiroz hutsak biltzen hasi da –hiru zenbatu dizkiogu tarte honetan– eta 17-17ko berdinketa ikusi dute Labritera gerturatutako ikusleek.

21-18ra aldendu dira gorriak hurrengo tantoetan, baina Peña –Lehen Mailakoekin esperientzia izan du, baina gaurkoan deseroso eta urduri ikusi zaio zenbait momentutan– ez zegoen amore emateko prest. Hala, bi tantori esker –atzean eta txokoan dejadaz egindakoak– 21-20 jarri du markagailuan.

Erasun, erregularrena

Peñak oso bizkarzain sendoa izan du gaurko finalean. Jon Erasun zizurkildarrak ondo eutsi die gorrien kolpeei atzeko koadroetan. Gainera, egindako tanto bat zuen bere estatistiketan –atzean egindakoa–. Hala ere, momenturik desegokienean, atzelari gipuzkoarrak partidako bere lehen hutsa egin du. Bere pilotakada txapara joan da zuzenean eta txapela gorriei eman die.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 719.

Iraupena: 82 minutu.

Markagailua: 4-0, 4-5, 7-5, 7-6, 10-6, 10-8, 11-8, 11-9, 12-9, 12-10, 16-10, 16-15, 17-15, 17-17, 19-17, 19-18, 21-18, 21-20 eta 22-20.

Sakez egindakoak: 1 Agirre eta 2 Peña eta falta bat.

Jokoan egindakoak: 10 Agirre, 1 Eskiroz, 6 Peña eta 1 Erasun.

Galdutakoak: 4 Agirre, 7 Eskiroz, 8 Peña eta 1 Erasun.

Gorabeherak: Giro bikaina Iruñeko Labriten finala ikusteko.