Imanol Carrillo

Artola-Rezusta lider oso sendoak bilakatu dira (6-22)

Bikote gipuzkoarra errazegi gailendu zaie Ezkurdia-Arangureni eta Caixabank Masters txapelketako lider sendoak dira, bost garaipen bilduz.

Rezusta, pilota altxa nahian Artolaren aurrean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Rezusta, pilota altxa nahian Artolaren aurrean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Oso misterio gutxikoa izan da Ezkurdia-Aranguren eta Artola-Rezustaren arteko Caixabank Masterseko partida. Labriteko harmailetan ere ez da aurreko partidako –Promozioko Binakako finala– giro bera sentitzen. Gauzak hala, urdinek sekulako erakustaldia eskaini dute bigarren partidan, orain arte egin duten bezalaxe, eta 6-22ko emaitza lortuta, udako txapelketa inprobisatu honetako lider sendoak dira bost garaipen lortuta.

Beñat Rezusta, beste behin, oso atzean mantendu du Aranguren. Eta aurrean, Iñaki Artolak nahi zuen guztia egin du ahalmenik gabeko Ezkurdiaren kontra.

Aurrelari gipuzkoarrak 12 tantorekin –eta sakez beste bat– amaitu du norgehiagoka eta bere atzelariak beste hiru tanto bildu ditu.

Ederra benetan Artolak airez egindako dejada goxoa txokoan 4-10ekoa egiteko. Pilota hilik utzi du. Aurrerago, Rezustak oso atzean ipini du pilota bat, tanto bihurtuz. Urdinek 0-9ko partzial bat egin dute partidako momentu horretan eta 0-5eko beste bat neurketaren amaieran txapelketako bosgarren garaipena lortzeko eta beste bikoteei gorputzean beldur pixkat sartzeko.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 401.

Iraupena: 49:13 minutu.

Markagailua: 0-3, 2-3, 2-5, 3-5, 3-7, 4-7, 4-16, 5-16, 5-17, 6-17 eta 6-22.

Sakez egindakoak: 1 Artola.

Jokoan egindakoak: 4 Ezkurdia, 0 Aranguren, 12 Artola eta 3 Rezusta.

Galdutakoak: 4 Ezkurdia, 2 Aranguren, 2 Artola eta 0 Rezusta.

Gorabeherak: Iruñeko Labriten jokatutako bigarren partida.