Jon Ormazabal

Altuna-Imazek ez diete ilusiorako zirrikiturik utzi Urrutikoetxea eta Irribarriari (10-22)

Bikote gipuzkoarrak oso bikote sendoa osatu duen bitartean, defentsan eta pilota paretara baztertuta, aukerarik ez die eman zulotik irten ezinda dabilen Buruz Buruko txapeldunez osatutako bikoteari.

Jokin Altunak partida handia jokatu du, erasoan eta defentsan (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Jokin Altunak partida handia jokatu du, erasoan eta defentsan (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Bost partidetan bost porrot jasota, burua altxa eta ilusioa berreskuratzeko garaipenaren bila irten dira Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria Berako pilotalekura. Horretarako, ordea, aurkari txarrak izan dituzte, Jokin Altuna eta Ander Imaz txanponaren beste aldean aurkitzen diren bikoa direla berretsi dute eta, oso partida sendoa jokatuta. Buruak eta dinamikek ere zeresan handia dutela argi ikusi da, dagoen berdintasuna egonda, detaile txikiek dimentsio handia hartzen dute eta.

Kolpez horrenbeste zigortu ez duten bikote baten aurrean, bai ordea pilota ezker paretara bilduz, Iker Irribarriak ez du, hasieran behintzat, aurrekoetan bezainbeste sufritu eta bere kolpea erakusteko modua izan du. Hori bai, oraindik atzelariek dituzten ohitura eta protokoloak barneratzeke ditu eta tarteka huts batzuk ere pilatu ditu, apenas oparirik eman ez duten Altuna eta Imazen aurka.

Ohitura falta

Gauzak horrela, azken partidarekiko hobekuntza nabaria izan duten arren, detaile batzuetan bai behintzat, esaterako Irribarriak hasieran asko astindu du pilota, urdinak hasiera xamarretik hartu dute markagailuaren agintea, lan erdietara sei tantotako abantailarekin iritsi direlarik (5-11). Lan distiratsuegirik egin gabe, Altuna-Imaz euren lekuan izan dira oso eta eroso aritu dira pilotalekuan.

Izan ere, aurrean ere aldea egon da eta Jokin Altuna Mikel Urrutikoetxea baino freskoago eta egokiago aritu delako, bai errematerako garaian –Zaratamokoak hiru tanto baino ez ditu egin partida osoan eta Altunak 12 ere batu ditu– eta, batez ere, atzelariari laguntzerako garaian. Bikote bezala askoz sendoagoa izan da Amezketakoa eta oiartzuarrak osatutakoa, kantxan lekua hobeto hartu eta defentsan aritu behar izan dutenean ere, beste berme bat eskainiaz.

Partidaren bigarren zatian nabarmen egin dute ihes markagailuan eta lehen geldialdi luzera sei tantoren aldearekin heldu badira, bigarrenerako desberdintasun hori bikoiztu ere egin dute (6-18). Buruz buruko txapeldunek osatutako bikoak markagailua zertxobait konpondu ahal izan duen arren, urdinek huts batzuk pilatu dituzte azken aldera, euren garaipena ez da sekula arriskuan egon.