Azken agur sentitua eman diote Usurbilen Joan Mari Torrealdairi

Joan Mari Torrealdai soziologo, kazetari eta idazlearen hileta izan da astelehen honetan, arratsaldean, Usurbilgo Salbatore Deunaren eliz parrokian. Garazi Torrealdaik, haren alabak, hitz batzuk irakurri ditu senideen izenean.

NAIZ|03/08/2020
Captura_de_pantalla_2020-08-03_a_las_20.58.59
Joan Mari Torrealdairen hileta Usurbilen, abuztuaren 3 honetan. (Gorka RUBIO I FOKU).

Hainbat pertsona izan dira gaur arratsaldean Usurbilgo Salbatore Deunaren eliz parrokian Joan Mari Torrealdai soziologo, kazetari eta idazleari azken agurra eman asmoz eta euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuen guztia eskertzeko.

Garazi Torrealdaik, haren alabak, hitz batzuk irakurri ditu senideen izenean. Bestetik, Joan Mari Torrealdaik utzitako azken adierazpenak ere elkarbanatu ditu: «Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, eta baita euskal kultura eta gizarte mailan ere, ezin hobe izan dut bizitza eta eskertua nago guztiz».

Usurbilgo plazan Imanol Urbietaren ‘Behin betiko’ kanta abestu dute azken hamarkadotan euskal kulturaren eta euskalgintzaren erreferentzia nagusietako bat izan zenaren omenez. Aurrerago omenaldia egiteko asmoa agertu du Udalak.

Sare sozialetatik adierazi dutenez, hiletan Euskaltzaindiako hainbat kide egon dira, besteak beste, Xabier Kintana, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Mikel Zalbide, Miriam Urkia, Andres Iñigo, Jean-Baptiste Coyos, Sagrario Aleman eta Paskual Rekalde.

Aurreko ostiralean, uztailak 31n, hil zen Joan Mari Torrealdai, 77 urte zituela, 2015etik hezur-muineko minbiziaren kontra borrokatu ostean. Astebubruan zehar Torrealdairen familiari elkartasuna adierazteko aukera izan zen Usurbilgo beilatokian jarritako hil-kaperan. Larunbatetik pertsona ugari pasatu ziren bertatik, herriko bizilagunak zein Euskal Herriko pertsona ezagunak.